Ararteko erakundearen 30. urteurrena

Arartekoaren 30. urteurrena dela eta, erakundeak ekitaldi bat egin du Gasteizen, eta bertan izan dira ararteko ohiak, agintari ugari eta hainbat arlotako gizarte erakundeetako ordezkariak.

Jardunaldia hasi da Eusko Legebiltzarrean. Bertan, Ganberako presidenteak eta Mahaiko kideek Manuel Lezertua arartekoa, haren aurrekoak eta Francisco Fernandez Marugán jarduneko herriaren defendatzailea hartu dituzte. Osoko bilkuren aretoan, presidentearen ongietorriaren ondoren, ohorezko liburuan sinatu dute.

Bilera amaituta, Gasteizko alkateak bat egin du jarraipenarekin, eta elkarrekin Europa Jauregira joan dira tranbiaz, Arartekoaren urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egiteko.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta agintari ugari bildu ditu, besteak beste, Arabako ahaldun nagusia, Bilboko alkatea, hainbat sailburu, instantzia judizialetako ordezkariak eta abar.

Gizarte-erakundeek protagonismo handia izan dute, gure gizartearen funtsezko pieza baitira, eta herritarrek dituzten benetako arazoak identifikatzen laguntzen baitigute.

Helarazten diguten informazioak, halaber, politika publikoak hobeto baloratzeko eta administrazio ona bultzatu eta kontrolatzeko aukera ematen digu, erakunde hori herritarrentzat zerbitzu erabilgarri eta administrazioentzat erreferente bihurtuz.

Manuel Lezertua arartekoak hiru hamarkada hauetako jarduerari buruzko zenbait datu eman ditu bere hitzaldian: 180.000 jarduera baino gehiago, 164 gomendio orokor, 36 ezohiko txosten, 174 argitalpen eta 700 jarduera gizarte erakundeekin.

Oholtzara igo dira, halaber, zenbait gizarte erakundetako ordezkariak eta ararteko ohiak erakundearen orainaz, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko, bakoitzak bere ikuspuntua eskainiz.

Dantza, antzerkia eta musika zeinu mintzaerarekin lotzen dituen Arymux taldea, Irati Anda bertsolaria eta Muxote Potolo bateko Miryam Artola ere izan dira ekitaldian.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 9a