Arartekoa Hungariako Herriaren Defendatzailearekin bildu da

Iñigo Lamarca arartekoak bilera egin du Máté Szabó Oinarrizko Eskubideetarako Hungariako Parlamentuko ordezkariarekin. Erakunde hori Herriaren Defendatzailearen parekoa da. Izan ere, Szabó jauna Euskadin da egunotan, Bilbon egiten ari den Kriminologiaren Europako Elkartea urteko batzarrean parte hartzera etorri baita.

Arartekoak eta Oinarrizko Eskubideetarako ordezkariak bilera onuragarria egin dute eta biei ardura zaizkien gaiak jorratu dituzte: adibidez, zer harreman dagoen Estatuetako eta eskualdeetako defentsa-erakundeen artean, zer-nolako bilakaera duen atxilotuen edo espetxeratuen eskubideak errespetatzeak, defentsa-erakundeek zer eginkizun duten gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideak babesten, edo krisi ekonomikoak zer eragin duen eskubide sozialetan.

Arartekoak zenbait gairen berri jakin nahi izan du: giza eskubideen egoera Hungarian, bereziki 2011n egindako Konstituzio erreforma, Jobbik eskuin muturreko mugimendu politiko populistak gero eta eragin handiagoa izatea, bereizkeriaren eta gorrotoak eragindako hilketen kontrako borroka, ijitoen egoera eta pobreziaren kriminalizazioa.


Bilbao, 2012ko irailaren 13a