Arartekoak Arabako Foru Aldundiari gomendatu dio indarrik gabe utz ditzala irabazi-asmorik gabeko elkarte bati jarritako zehapenak

Era berean, kobratutakoa itzultzeko eskatu dio, ez baitzen bidali jakinarazpenak eskuragarri zeudela zioen abisurik, sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamenduan aurreikusitako moduan

Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat zehatu egin zuen Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailak, zerga-betebeharrak epe barruan bete ez zituelako.

Kexagileak, elkarteko ordezkaria bera, Arartekoari adierazi zion ez zuela inolako abisurik jaso ordainketa-errekerimenduei eta geroko zehapen-ebazpenei buruzko jakinarazpen elektronikoak eskuragarri zeudela jakinarazteko.

Arartekoari azaldu zionez, bere ustez, bete zituen abisuak jasotzeko betekizunak eta, beste jarduera batzuen artean, administrazioaren aurrean agertu zen, 2021eko apirilean, bere ordezkaritza-ahalak egiaztatzeko. Gainera, bere iritzirako, egoitza elektronikoan zuzen eman zituen telefono eta posta elektronikoaren gaineko datuak abisuak jasotzeko asmoz.

Arartekoak egiaztatu zuen kexagilearen egoitzaren inguruan ez zegoela jasota bera ordezkaria zela, eta horregatik, itxuraz, ez zela gauzatu foru ogasunaren sistemetan 2021eko apirilean. 

Horrez gain, kexagilearen esanean, zenbait izapide egin zituen pertsona juridikoaren ordezkari gisa bide elektronikoz eta, hortaz, ordezkaria zela egiaztatu zuen. Orobat, 2020an SMS mezu batzuk jaso zituen zergadun partikular gisa; horregatik, jarduera arduratsu baten bitartez eta itxuraz ahaleginik egin gabe, administrazioak jada bazeuzkan bideak elkarteko ordezkariari jakinarazpen elektronikoak bidaltzeko. 

Gomendioan Arartekoak nabarmendu du 2021eko apirilean indarrean jarri zela administrazio elektronikoa garatzeko erregelamendua, eta hark pertsona juridikoentzako berrikuntza bermatzaile bat sartu zuela, hau da, ofizioz hasitako prozeduretan (zehapen-prozedurak kasu), administrazioak abisuak bidaltzeko harremanetarako daturik ez badauka, paperean bidali behar duela lehen jakinarazpena, eta bertan ohartarazi behar duela hurrengoak bitarteko elektronikoen bidez egingo direla. Ez dago inon jasota sail horrek jakinarazpena edonoiz paperean egin zuenik, nahiz eta zehapenak erregelamendu hori indarrean jarri ondoren ezarri ziren.

Horregatik, Arartekoak foru-erakunde horri gomendatu dio indarrik gabe utz ditzala jarritako zehapenak, elkarteko ordezkaria babesik gabe geratu zelako.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 17a