Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio gardentasun-araudiko betekizunen arabera izapidetu dezala informazio publikoa lortzeko eskaera bat

Era berean, eskatu dio epe barruan eman ditzala ebazpen arrazoituak, eta justifika dezala ukatzeko edozein arrazoi

Herritar batek agiri batzuk eskatu zituen hiria birgaitzeko obra batzuen gainean. Obra hartako lanak azpikontratatutako enpresei esleitu zitzaizkien eta, beraz, kontratazio publikoari lotutako administrazio-espedienteak ziren.

Bilboko Udalak herritarrari eskatu zion egiazta zezala interesduna zela; gainera, adierazi zion ukatu egin zitezkeela eskaera argiro errepikakorrak edo gardentasun helburuarekin justifikatzen ez ziren abusuzko eskaerak, lehendik beste espediente batzuetarako sarbidea izan zuelako.

Kexagileak azpimarratu zuen informazio zehatz bat lortu nahi zuela, ordura arte ez baitzioten eman, bere ustez.

Arartekoak laguntza galdegin zion udalari, eta jarduerak egiten ziren bitartean, udalak eskaera ukatzeko azken ebazpena eman zuen, espedientearen zati bat informazio osagarria edo lagungarria zela iritzita.

Arartekoaren iritziz, Bilboko Udalak ez zituen bete administrazio-prozeduran ezartzen diren betekizunak informazio publikoa lortzeko eskubidea izapidetzeko, izan ere, ebazpen bat eman zuen araudian aurreikusita dagoen hilabeteko epea bete gabe, ez zuen arrazoitu ukatzeko zergatia eta ez zuen jakinarazi errekurtsoa jar zitekeela.

Horregatik, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio bete dezala informazio publikoa lortzeko eskubidea gauzatzeko prozedura, gardentasun arloko prestakuntza eman diezaiela barruko langileei, eta laguntza eska diezaiola gardentasunean espezializatutako udal taldeari.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 11a