ARARTEKOAK BILBOKO UDALARI GOMENDATU DIO LEGERIARA EGOKITU DEZALA AZOKAK ETA AZOKA TXIKIAK EGITEKO BAIMENA ESKURATZEKO PROZEDURA

Pertsona batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Bilboko Udaletik jaso zuen jakinarazpen batekin, urtean zehar udalerri horretan egiten diren azoketan espazio publikoa okupatzeko eta ekoizleak aukeratzeko baimenak zirela eta.

Haren esanean, ekoizlea denez, behin baino gehiagotan eskatu zion udalari herrian egiten diren nekazaritza-azokak arautzen dituzten oinarriei eta deialdiari buruzko agiriak.

Interesdunak azaldu zuen zer lege-esparruk arautzen duen, bere ustez, azoka berezietan salmenta ibiltaria egiteko espazio publikoaren esleipena. Bere aburuz, deialdirik eta prozeduraren oinarririk ez egoteak eta ekoizleak hautatzeko irizpideak ez zehazteak berdintasun eta gardentasun printzipioak urratzen ditu eta indarreko legeriaren kontrakoak dira.

Udaletik jaso zuen erantzunetako batean, Espazio publikoa eta barrutiak erabiltzeko Zuzendariordetzak jakinarazi zion bere sailari dagokiola espazio publikoaren erabilera kudeatzea, bere sailak erabilera orekatua zaintzen duela, segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak eta beste baldintza batzuk betetzen direla bermatzen duela, baina ez duela parte hartzen ekitaldien garapenaren barne-antolaketan, hori sustatzaileei baitagokie.

Herritarrak emandako agiriak eta Bilboko Udalak eskuratutako informazioa aztertu ondoren, Arartekoak hauxe gomendatu dio udalari: udalerrian urtero egiten diren nekazaritza-azoketan parte hartzen duten ekoizleei lege-esparruan ezarritakoarekin bat etorriz esleitu diezazkiela postuak, zehazki, publizitate-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, gardentasun- eta norgehiagoka-printzipioak eraginkortasunez aplikatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019R-1285-18 Ebazpena, 2019ko azaroaren 14koa. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio legeriara egokitu ditzala azokak eta azoka txikiak egiteko baimena eskuratzeko prozedura eta indarrean dagoen espazio publikoari buruzko ordenantza.