Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari gomendatu dio zenbait aldaketa egin ditzala bidesaria behar duten bide-azpiegituren erabiltzaileentzako dirulaguntzak izapidetzean

Herritar batek kexa egin zuen, arazoak izan baititu bidesaria behar duten Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko bide-azpiegituren erabiltzaileentzako dirulaguntza-eskaerak izapidetzeko orduan, Interbiak-ek kudeatzen duen “Bidesaria” sistema elektronikoaren bitartez.

Aldundiak dirulaguntza-eskaerak egiteko eskaintzen dituen bitarteko elektronikoak direla eta, Arartekoak gomendatu dio Bidesaria plataforma foru-erakunde horren egoitza elektronikoan sar dezala, interesdunek berme handiagoak (segurtasun juridikokoak eta teknikoak) izan ditzaten dirulaguntzak emateko prozesuan dituzten harremanetan. Orobat, plataforma hori aldatu eta identifikatzeko eta sinatzeko sistema gisa konfigura dadin iradoki dio, legezko baldintzak beteko dituen aurretiazko erregistro baten bidez egin ahal izateko dirulaguntzdia-eskaerak. 

Dirulaguntzak eskatzeko eta herritarrak artatzeko eskaintzen dituen bitartekoei buruz, Arartekoak gomendatu dio hausnar dezala ea komeni den Bilboko Interbiak-en bulegoa laguntza-bulego gisa finkatzea erregistro arloan, dirulaguntzak izapidetzeko. Gainera, eskatu du bitarteko tekniko nahiz juridikoak jar daitezela, behar bezala gaitutako funtzionarioak barne direla, administrazio-izapidetzea bultzatzeko eta, horrela, herritarrei laguntza emango zaiela bermatzeko, horiek administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidezko harremanak izan ahal ditzaten, araudian xedatutakoaren arabera.

Azkenik, laguntza-bideak ahalik eta ongien definitu eta azal ditzan gomendatu zaio Aldundiari, interesdunei Aldundiaren eskumeneko zerbitzu elektronikoetarako sarbidea errazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 6a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena