ARARTEKOAK BUKATU DU BERE IKERKETA HONAKO KASU HONETAN: PROSTITUZIO JARDUERETAN NAHASTUTA EGON LITEZKEELA ARABAKO FORU ALDUNDIAREN HAURREN GIZARTE-ZERBITZUEK ARTATUTAKO ADINGABE BATZUK

2016ko urrian, hedabideek berri kezkagarriak eman zituzten; berri haien arabera, prostituzio jardueretan nahastuta egon zitezkeen Arabako Foru Aldundiaren haurren foru-zerbitzuek zaintzapean edo tutoretzapean zeuzkaten adingabe batzuk, baita Sansoheta zentroko egoitza-harrera egoeran zeuden beste batzuk ere.

Fiskaltzak burututako ikerketak galarazi gabe, Arartekoak administrazioaren jarduera ikuskatzeko ahalmena duenez gero, erakunde honek ofiziozko jarduera bat hastea erabaki zuen, egintzak zehatz-mehatz aztertzeko eta Arabako Foru Aldundiaren esku-hartzea balioesteko.

Helburu hori lortzeko asmoz, espediente horren barruan hainbat jarduera egin dira (bilerak, bisitak, zenbait erakundetako eragileei informazio-eskaerak) eta horien emaitza gisa, Arartekoak behar bezala dokumentatutako informazioa erdietsi du Udaltzaingoari, Ertzaintzari eta Fiskaltzari azaldu zaizkien egintzen kronologiaz, salaketez eta jakinarazpenez, zentroan dauden protokoloez eta azterturiko egintzen gainean hezitzaileek egindako jarduerez.

Behin egintzak aztertuta eta orain aurkezten den ebazpenean azaldutako gogoetekin loturik balioetsita, erakunde honek ondorio hau atera du: ikertutako administrazioaren, hau da, Arabako Foru Aldundiaren jarduera ezin daitekeela okertzat jo, indarreko legeriaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 31