Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio eman ditzala COVID-19arekin zerikusia duten estatistika-datuak eta txostenak, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpenak betetzeko

Era berean, eskatu dio gardentasunean espezializatutako unitateak sor ditzala, behar bezala betetzeko informazio publikoa jasotzeko eskubidea

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen herritar baten kexa. Nahigabetuta zegoen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez zuelako ezer egiten Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpenak betetzeko.

2021eko azaroan, kexagileak SARS-COV-2aren kontrako txertaketa-kanpainari buruzko hainbat estatistika eta datu eskatu zituen, eta geroago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenak, haietan oinarritu baitzen covid ziurtagiria ezartzea, aisialdiko lokalak irekitzeko neurri eraginkor gisa. 

Herritarrari ez zitzaion gogobetetzeko modukoa iruditu administrazioaren erantzuna, eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari bere egoeraren gaineko erreklamazioa egitea erabaki zuen. Batzorde horrek zenbait ebazpen eman zituen bere alde.

Azkenik, Osasun Sailak gardentasun-organoaren ebazpenak betetzen ez zituela ikusita, Arartekora jo zuen. Erakunde honek, egintzak eta administrazioak emandako informazioak aztertu ondoren, gomendio bat egin du, non eragindako administrazioari eskatu baitzaio aintzat hartu eta bete ditzala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen errekerimenduak eta ebazpenak, herritarrek erakunde publikoen funtzionamenduan duten konfiantza sustatzeko.

Gainera, Arartekoak gomendatu dio gardentasun-printzipioa betetzen espezializatutako administrazio-unitateak sortu eta eratu ditzala, administrazioa jakiteko eskubidearekin inplikatzeko eta etengabe hobetzeko tresna gisa.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 13a