Arartekoak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urtemuga ospatzen du

Jaime Doreste ingurumen arloko abokatuaren eta Lorena Ruiz-Huerta Espainiako Greenpeace-eko eragin juridikoko koordinatzailearen hitzaldiak

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urtemuga dela eta, Arartekoak hitzaldi batzuk antolatu ditu Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiarekin batera. Hitzaldiek izenburu hau izan dute: “Justizia klimatikoa lortzeko, estrategikoki auzitan aritzea”.

Hizlari izan dira gaur Jaime Doreste (ingurumen arloko abokatua eta Ingurumen Zuzenbideko irakasle elkartua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan) eta Lorena Ruiz-Huerta (abokatua eta Espainiako Greenpeace-eko eragin juridikoko koordinatzailea).

Hizlarien azalpenen aurretik, Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak, Maite Morillo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanordeak eta Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak hartu dute parte.

Jarduneko arartekoak nabarmendu du estrategikoki auzibidera jotzeak ahalmena duela klima-aldaketaren kontrako borrokan agintari publikoei ezarri zaizkien betebeharrak betetzen eragiteko, eta balioa duela Espainiako sistema judizialean berrikuntza estrategiko gisa.

Eremu judizialetik kanpo, Arartekoak ere baditu tresna batzuk auzitan aritzeko modu horrekin nolabaiteko paralelotasuna dutenak: ofiziozko jarduerak eta gomendio orokorrak.

Ibáñez de Maeztuk garrantzitsutzat jo ditu “gizartea aldatzeko eta giza eskubideetan eragiteko auzi estrategikoen eta Arartekoaren jarduera horien artean sor daitezkeen lankidetza-ahalmena eta sinergiak, izan ere jarduera horiek ingurumena eta, hortaz, denon eskubideak babestu eta zaintzera bideratuta daude”.

JARDUNEKO ARARTEKOAREN MINTZALDIA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a