Arartekoak gomendatu du berriz azter dadila irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek Aste Nagusian txosnak jartzeko dituzten baldintzen agiria

Elkarte batek kexa egin zion Arartekoari, ez baitzegoen ados Bilboko Udalaren erabaki batekin. Erabaki haren bidez, irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde batzuei baimena ematen zitzaien 2018ko Aste Nagusian txosnak jartzeko.

Haren esanean, eskaera epe barruan eta baldintzen agirian zehaztutako betekizunak betez egin bazuen ere, ez zuen baimenik lortu.

Elkartearen iritziz, eskaera ez zen egin jai-esparruko toki jakin baterako, baizik eta jai-esparru guztirako, nahiz eta adierazi zuen nahiago zuela Berastegiko gunea. Horregatik, udalak oker uste du eskaera gune horretarako soilik egin zela.

Era berean, elkartearen ustez, ez da idatziz argi adierazi nola baloratuko diren baldintzen agirian ezarritako lehentasun-irizpideak, eta udalak ez ditu kontuan hartu beste alderdi batzuk, esaterako, elkarte horrek aurreko urteetan izan duen eskarmentua.

Azken batean, elkarte kexagilearen aburuz, ez zen zuzen jokatu elkartea esparru publikoaren esleipenetik kanpo utzi zutenean, eta legez kontrako prozedura erabili zen.

Bilboko Udalari informazioa eskatu eta aztertu ondoren, Arartekoak uste du baldintza-agiriko edukiaren interpretaziorik egokiena elkarte horrek egindakoa dela.

Horregatik, udalari hauxe gomendatu dio: eremu publikoa txosnekin betetzeko horrelako deialdiak egiten jarraitzen badu, behar bezala justifika dezala irabazi asmorik gabeko elkarteen aldeko lehia askea murrizteko erabakia.

Gainera, eskatu dio zehatz-mehatz arautu dezala esleituko diren tokien banaketa eta, hala badagokio, eskaeran zehaztu beharra dagoela zer toki den nahiago, gainerako tokiei uko eginda.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 11


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019R-1765-18 Ebazpena, 2019ko ekainaren 26koa. Horren bitartez, Bilboko Udalari gomendatu zaio, hala badagokio, berriz azter dezala irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei Aste Nagusian txosnak jartzeko baimena emateko baldintzen plegua.