Arartekoak informazioa eskatu du euskal kostaldean antzeman diren plastikozko peleten balizko isurketez eta ingurumen arloko erantzukizuna eskatzeko planez, kalte esanguratsuak baldin badaude

Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi du, euskal kostaldean plastikozko peletak isurtzeak eragin ditzakeen kalteak konpontzeko asmoz administrazioak zer neurri hartu dituen jakiteko.

Elkarte ekologista batzuen salaketak jaso ondoren hasi du ofiziozko jarduera hori, euskal kostaldean ingurumeneko kalteak sor bailitezke, Toconao itsasontzitik plastikozko peletak isurtzearen ondorioz. Gertakari hori 2023ko abenduaren 8an gertatu zen, Portugaleko kostaldean, eta handik Galiziako kostaldera eta Kantauri itsasotik zabaldu zen. Arartekoak euskal administrazioen erantzun azkarra nabarmendu du, izan ere, Larrialdietako Plan Berezia abiarazi dute “Itsasertza” itsasbazterreko kutsaduraren aurrean, eta Kontseilu Aholku-emaileari deitu diote, erakundeen arteko koordinazioa egin dadin eta AZTI itsas teknologia-zentroak egoera azter dezan.

Ofiziozko jarduera horren bidez, plastikozko peleten isurketak ingurumenean izan dezakeen eraginari aurre egiteko asmoz euskal administrazioek hartu dituzten neurriak ebaluatu nahi dira. Hala gertatuz gero, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legea aplika litekeela aipatzen da, prebentzioaren eta “kutsatzen duenak ordain dezala” printzipioetan oinarritutakoa; azken horrek ezartzen duenez, kalte esanguratsu baten erantzuleek hura konpondu egin behar dute, eta beharrezko neurrien kostua ordaindu.

Horrela, Arartekoak informazioa lortu nahi du euskal kostaldean antzemandako plastikozko peleten balizko isurketez eta sortutako ingurumen-kalteak prebenitu, saihestu edo konpontzeko neurriak eskatzeko egin diren jarduerez.

Era berean, jakin nahi du zer-nolako ingurumen-eragina duen horrelako plastikozko peletak itsasoan eta euskal itsasertzean isurtzeak, esku hartzeko protokolo bat izateko etorkizunean plastikozko peleten isurketak gertatzen badira.

Informazioa eskatu zaie Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundietako Ingurumen Departamentuei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 15a