Arartekoak Kontsumobideri gomendatu dio ken dezala edozein izapide egiteko nahitaez aurretiko hitzordua eskatu behar izatea, eta aurrez aurre hartu eta informatzeko zerbitzua administrazioko langileek eman dezatela, ez segurtasun zaintzaileek

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen herritar baten kexa, izan ere, ez zegoen konforme aurrez aurre izapideak egiteko aurretiaz hitzordua eskatu behar izatearekin, eta, bere ustez, tratu desegokia eman zioten Kontsumobideren bulego bateko langileek. Azaldu zuenez, erakunde autonomo horren bulego batera joan zen hitzordurik hartu gabe, kontsumo arloko kexa bat egitera, baina segurtasun zaintzaileak ez zion sartzen utzi.

Arartekoari kezkagarria iruditzen zaio gertakari hori, bada herritarrentzat oztopo fisikoa eta pertsonala da lehendabizi segurtasun pribatuko langile uniformedun batek harrera egitea, eta, gainera, hark adieraztea pertsona fisikoei ea administrazioaren bulegoetan sartzeko eskubidea duten ala ez.

Une hartan, kexagileak kexa bat aurkeztu nahi izan zuen, administrazioaren bulegoetan sartzen ez uzteagatik, baina adierazi zioten nahitaezkoa zela aldez aurretik ordua eskatzea. Biharamunean joan zenean, kontsumo arloko kexa egin zuen, baina ez zuen aurretiko hitzorduari buruzko kexa egiterik izan, esan baitzioten horretarako bulegoko koordinatzaile batekin elkartu behar zuela eta, beraz, beste hitzordu bat eskatu behar zuela.

Horregatik guztiagatik, Arartekoak ebazpen bat eman du. Bertan adierazi du ez dagoela nahitaez aurretiko hitzordua eskatzea babesten duen babes juridikorik eta oso deigarria dela kexagileak ordua eskatu behar izatea hitzorduari buruz kexatzeko. Orobat, aipagarria da zaintzaileen esku-hartzea, dirudienez, ez baitaukate esleituta herritarrei beren eskubideez eta betebeharrez aholku eman eta informatzeko eginkizuna, baizik eta segurtasun pribatuko araudian xedatutako eginkizunak, administrazioarekin kontratatutako zerbitzuaren helburuarekin bat etorri behar dutenak.

Hori dela eta, Arartekoak Kontsumobideri gomendatu dio ken dezala edozein izapide egiteko nahitaez aurretiko hitzordua eskatu behar izatea, eta herritarrei kasu egiteko bulegoetan administrazioko langileek eman dezatela informatu eta laguntzeko zerbitzua, ez segurtasun zaintzaileek.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 21a