ARARTEKOAK OKONDOKO UDALARI ESKATU DIO HERRIKO SARBIDE NAGUSIETAN HERRIGUNEAK BEHAR BEZALA ERROTULA DITZALA ETA KARTOGRAFIA DIGITALA EGUNERATU DEZALA

Pertsona batek Arartekora jo zuen, salatu nahi baitzuen bera bizi den baserriaren kokagunea adierazteko seinalerik ez dagoela eta Okondoko Udalak ez duela ezer egiten egoera hori konpontzeko.

Kexagileak azaldu zuenez, bere senide batek osasun-arazoak dituenez gero, maiz samar anbulantzia-zerbitzua behar izaten dute. Zerbitzu horrek eta beste zerbitzu publiko batzuek (suhiltzaileek, Ertzaintzak, eta abarrek) zailtasun handiak izaten dituzte beraien bizilekura iristeko, baserri sakabanatuen landa-eremuan baitago. Auzoa eta baserria seinaleztatu gabe daudenez gero, eskatutako zerbitzu horiek galdu egiten dira eta bizilekura beranduago iristen dira egoera nahiko larrietan, nahiz eta halakoetan erantzuteko denbora funtsezkoa izan. Gainera, 2017. urteaz geroztik, behin baino gehiagotan azaldu omen diote arazo hori udalari, baina ez omen dute behar bezalako erantzunik jaso.

Arartekoak informazioa eskatu zion Okondoko Udalari, baina udalak ez du ofizialki erantzun.

Hala ere, erakunde honek esku hartu ostean, interesdunak alkatearen idazki bat jaso zuen, 2018ko apirilean. Bertan jakinarazi ziotenez, 2016an "mapa topografikoa" eguneratu zenean, udalerriko kale-izendegia aldatu behar zela ikusi zuten, baina seinaleak oraindik jarri gabe zeuden.

Halaber, idazki hartan adierazi zioten denbora laburrean "Okondoko kale-izendegiaren bisorea" jarriko zela abian, udalaren web-orrian. Aplikazio horri esker, posta helbideak kontsultatu ahal izango zirela eta, hartara, zerbitzuek errazago jakin ahal izango zutela etxebizitzetara nola iritsi.

Zenbait gestio egin ditugu abiaraztera zihoazen jarduera haien tramitazio-egoera ezagutzeko, izan ere, interesdunak jakinarazi zigun arazoak bere hartan zirauela, gai batzuei ez zitzaiela erantzun.

Horregatik, Arartekoak ebazpen bat eman du. Okondoko Udalari gomendatu dio bete ditzala bere udalerrian sakabanatutako herriguneak errotulatzeari dagozkion legezko betebeharrak, eta eguneratu dezala herriko kartografia digitala.


Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 29a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019R-20-18 Ebazpena, 2019ko abuztuaren 8koa. Horren bidez, Okondoko Udalari gomendatzen zaio bere sarbide nagusietan hirigune eta erakundeak behar bezala errotula ditzala eta udalerri guztiko posta-helbideen euskarri izateko kartografia digitala egunera dezala.