Arartekoak Oñatiko Udalari gomendatu dio azter dezala oinezkoen segurtasunerako sortzen den arrisku-egoera industrialde batean, eta neurri egokiak har ditzala hura konpontzeko

Herritar batek Arartekora jo zuen, Oñatiko Berezao industrialdera sartzeko bidean oinezkoentzako segurtasunik ez dagoelako.

Adierazi zuenez, bere horretan diraute 2018an beste kexa bat eragin zuten arazoek, eta auzokideek oraindik ez daukate oinezkoentzako pasabide segururik, nahiz eta handik hurbil ikastetxe bat egon. Haren esanean, espaloia oso estua da eta ezin dira bi lagun aurrez aurre gurutzatu; horregatik, errepidera atera behar izaten dute. Gainera, errepidea ondo zolatuta ez dagoenez gero, pertsona asko nekez ibil daitezke bertan eta egoera horrek eroriko ugari eragin ditu.

Gaineratu zuenez, han zama handiko kamioiek aparkatzen eta deskargatzen dute espaloia hartuz, orga jasotzaileak ibiltzen dira hots- eta argi-seinalerik gabe, eta espaloia dagoen zatietan, normalean gaizki aparkatutako ibilgailuak egoten dira. 

2018an, Arartekoak jada gomendatu zion Oñatiko Udalari, besteak beste, berma zitzala oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna kexa sortarazi zuen hiri-bideko oinezkoen ibilbideetan, eta hartutako neurrien bilakaera azter zezala, arazoa konpontzeko egokiak ote ziren egiaztatzeko.

Hala ere, kexagileak adierazi zuen auzokideek oraindik ez daukatela pasabide segururik.

Egia da udalak ahaleginak egin dituela eremu horretan segurtasuna bermatzeko, baina bi aldeek bidalitako agiriak eta argazkiak aztertu ostean, ikusi dugu oraindik badagoela zer hobetu eremu hori seguruagoa eta irisgarriagoa izan dadin.

Horregatik, Arartekoak Oñatiko Udalari gomendatu dio azter dezala industrialde horretan sortzen den arrisku-egoera, hango bide publikoak erabiltzen dituzten pertsonentzako eta ibilgailuentzako gunean. 

Era berean, eskatu dio berma dezala trafiko, zirkulazio eta bide-segurtasuna arautzeko arauak beteko direla, baita irisgarritasun-arauak ere, eta hartutako neurrien bilakaera azter dezala, arazoa konpontzeko egokiak ote diren egiaztatzeko.

EBAZPENA
    
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 20a