Arartekoak praktika errestauratiboen inguruan duen erakunde-esperientzia azaldu du Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko XII. Mintegian

Arartekoak Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko XII. Mintegian parte hartu du. Mintegi hori Justizia Errestauratiborako Europako Foroak antolatu du, Nafarroako Gobernuko Justizia Sailarekin lankidetzan, Iruñean, ekainaren 22tik 23ra. Mintegiaren izenburua ingelesez, “Policy matters in Restorative Justice: Mapping a Field in its process of growth and innovation”, hitz-joko bat da, eta justizia errestauratiboaren eremuan politika publikoak egitearen garrantzia nabarmendu nahi du, bai eta politika horiek abiarazteak legegilearentzat eta horiek aplikatzeko ardura duten pertsonentzat dituen desafio eta erronkak ere. Ekitaldian 29 herrialde desberdinetako epailetzako, bitartekaritzako, akademiako eta politika publikoen elaborazioko 140 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte.

Kasu honetan, Arartekoaren justiziaren arloko aholkulariak, Roberto Morenok, Arartekoaren esperientzia aurkeztu du, erkidegoaren ordezkari gisa, justizia errestauratiboaren nazioarteko ekimenean: “The Encounter of the Encounters” (“Topaketen topaketa”, ikusi Arartekoak argitaratutako oharra). Hitzaldian erakunde publikoek eta erakunde ofizialek (Arartekoa, adibidez) praktika errestauratiboetan izan ohi dute parte-hartzearen inguruan hausnartu da. Alde batetik, justizia errestauratiboak administrazio publikoari eskaini dakiokeen herritarrekiko balio humanizatzailea eta gertutasun-balioa azaldu da, horren ordezkariek erkidegoaren izenean praktika errestauratiboetan parte hartzen dutenean. Bestalde, justizia errestauratiboak eskaintzen duen aukera azaldu da, administrazioak laguntza eskaini diezaien biktimei eta kaltegileei beren gizarteratzeko prozesuan. 

Mintegi hori baliagarria izan da Arartekoaren erakundeak bere ibilbidea gauzatzen jarraitu dezan justizia errestauratiboaren esparruan; kasu honetan, orain arte pilatutako esperientziak hedatuz eta nazioarteko praktika onen hartu-emana areagotuz.