ARARTEKOAREN ADIERAZPENA, HONDARRIBIKO 2015KO ALARDEAREN INGURUAN

Bihar Hondarribiko Alardea izango da. Hori dela eta, Arartekoak honako hau adierazi nahi du:

Egiaztatu ahal dugunez, gaur egun zoritxarrez Hondarribin oraindik ere konpondu gabeko arazo bat dago, eta pertsonen berdintasun-eskubidearen urratzen da. Izan ere, oraindik ere auzitan jartzen ari da emakumeen eskubidea, udalerri horretako jai-ekitaldi nagusian, irailaren 8ko alardean parte hartzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak berriki prestatu duen azterlanean "Hondarribiko herritarren jarrerak Alardearen inguruan" agerian jarri denez, gizartearen gehiengo zabal batek adierazi du gizarte-haustura hori amaitzeko urratsak egin eta konponbideak bila daitezen nahi duela.

Euskal erakunde guztiei euren erantzukizuna bete dezatela eskatu nahi diegu, zalantzarik gabe berdintasunarekiko konpromisoa azal dezaten, elkarlanean arituz, eskubide hori auzitan jar edo urra ez dadin jai-gune batean ere, eta demokrazia batean funtsezko eskubide batek jaso behar duen babes osoa izan dezan.

Modu berean, guztion ahalegina eskatu behar dugu, berdintasunezko bizikidetza posible egiten duten elkarrizketa esparruak aurkitze aldera.

Arartekoak baldintzarik gabeko aitortza adierazi nahi die bihar gizon eta emakumeen alarde mistoan lagunduko edo parte hartuko duten pertsona guztiei. Izan ere, haiek dira, euren konpromiso indibidualarekin, eskubideak pertsona guztientzat gauzatzearren aurrera egiten dutenak.

Julia Hernández jarduneko arartekoa Hondarribiko Alardera joango da bihar, Arartekoaren elkartasuna erakutsi nahi baitie emakumeek gizonezko herrikideek bezalaxe Alardean erabat parte hartzeko apustua egiten duten herriko gizon-emakume guztiei.

Jarduneko arartekoak nabarmendu duenez, "botere publiko guztiek oztopoak kendu eta beharrezko neurriak hartzeko betebeharra daukate, Hondarribiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuna benetakoa izan dadin".

Vitoria-Gasteiz, 2015rko irailaren 7a