ARARTEKOAREN EBAZPENA, DONOSTIAKO BELLAS ARTES JAUREGIAREN OSOTASUNA BERMATZEKO, EUSKAL ADMINISTRAZIOEK ESKU HARTZEARI BURUZ


Ancora elkarteak ¿Donostiako kultura ondarea babesteko elkarte zibikoa baita , beste kexa bat egin digu, kultur ondarea babesteko eskumena duten administrazioek Bellas Artes jauregia babesteko araubidea kontrolatzeari buruz.

Bellas Artes jauregia oso eraikin adierazgarria da, bere egoeragatik eta osaeragatik, Donostiako Kortazar zabalguneko monumentu edo ikono gisa. Eusko Jaurlaritzak eraikin hori Euskal Herriko arkitektura-ondarearen zerrendan sartu zuen, 2015eko martxoan. Kultur ondasun horren azalpenean adierazten denez, nabarmentzekoa da kupula itxurako errematea, bi kaleren bidegurutzearen aurrean kokatutakoa.

Elkarteak dioenez, urrian, Donostiako Udalak kupula eraistea baimendu zuen, hur-hurreko aurri egoeran zegoelako, aurretiaz Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren baimena lortuta. Baimen horretan kupula berreraiki egin behar dela agintzen den arren, elkarteak baieztatu du oraindik ez direla beharrezko neurriak hartu berreraikitze "filologikoa" bermatzeko.

Administrazio horien jarduera aztertu ostean, ondorio hau atera dugu: prozedura "desegokia" erabili dela eta, horren bitartez, aurri-espediente bat hasi ahal izan dela, soil-soilik babestutako elementu bat eraistea erabakitzeko. Aurri-espedientean ez dago idatziz jasota udal eta foru administrazioak erabaki hori hartzeko gaituko lituzkeen ezinbesteko arrazoirik. Orobat, Foru Aldundiak IDOM enpresari agindu zion txostenean bildutako beste hautabide batzuk aintzat hartu gabe baimendu da presako neurri hori.

Gure iritziz, Euskal Kultura Ondarearen Legeko xedapenen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak kupula konpontzeko lanak agindu behar zituen, onartutako babes-araubidean ezarritako moduan.

Horregatik, Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailari gomendatu diogu espediente bat has dezala berehala, Bellas Artes jauregiaren jabeei kupula lehengoratzeko lanak bizkor egin ditzaten agintzeko. Gainera, erabaki horretan beharrezko kontserbazio-neurriak adierazi behar dira, ura sartzeagatik eraikina honda ez dadin.

Donostiako Udalari ere idatzi diogu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera, elkarrizketa-mahai egonkor bat susta dezan gai hori zuzenean ardura zaien aldeekin (Ancora elkartea, eraikinaren jabeak eta interesa duten beste batzuk). Horrela, administrazioen arteko koordinazio egokia lortuko litzateke, eta Bellas Artes jauregiak erakusten duen euskal kultura ondarearen osotasuna babestuko litzateke. Interesgarria izango litzateke ekintza-plan bat finkatzea, ezarrita dagoen babes-araubideari jarraiki babestuko dela bermatzeko, eraikinaren balioa onar dadin, eta finantzaketa- eta lehentasun-programa bat gehitzea, eraikina galdu, suntsitu edo hondatu ez dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 2a