Arartekoaren erakunde-adierazpena, LGTBI Harrotasunaren Eguna dela eta

2020ko ekainaren 28a

Pertsona guztiek dute eskubidea beren sexu-joera aske garatzeko eta beren genero-identitatea bete-betean bizitzeko, horregatik murrizketarik edo jazarpenik jasan gabe

Datorren igandean, ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Eguna ospatzen eta oroitzen da mundu osoan. Urteroko deialdi hori baliagarria izaten da aniztasun afektibo eta sexuala harro ospatzeko eta herritarrak nahiz erakundeak gai honetaz sentikorrago bihurtzeko: oso garrantzitsua da LGTBI pertsonak, nonahi daudela ere, beren nortasun afektibo eta sexuala osorik bizi eta garatu ahal izan dezaten ziurtatzea, beraien duintasunari kalterik egin gabe, oztopo, aurreiritzi, gorroto, intolerantzia edo bereizkeriarik gabe. Arartekoak bat egiten du ospakizun horrekin, gizon-emakumeen aniztasuna errespeta dadin zaintzea garrantzitsua dela aldarrikatzeko beste behin ere, eta LGBTI taldeari babes- eta itxaropen-mezu bat helarazteko.

Urte berezi honetan, pandemiagatik bizitzen ari garen ezohiko egoera hau dela medio, LGTBI taldeak ezingo dira kalera atera honako hau aldarrikatzera: pertsona guztiek funtsezko eskubidea dutela maitatzeko, sentitzeko eta beren genero-identitatea eta sexu-joera askatasun osoz bizitzeko, eta berdintasunean ohiko maskulinitateaz, feminitateaz eta heterosexualitateaz onartu ohi diren kanonei jarraitzen dietenekin.

Hala ere, Arartekoak, aukera honetaz baliatuta, jendaurrean gogorarazi nahi du denek dutela eskubidea beren sexu-joera aske garatzeko eta beren genero-identitatea bete-betean bizitzeko, horregatik murrizketarik edo jazarpenik jasan gabe. Gorrotoaren diskurtsoa eta beraien sexualitatea edo genero-identitatea modu anitzetan bizi dutenen preterizioa oraindik bizirik daude, tamalez, beste gai batzuetan hain aurreratuta baina gizarte-konbentzioetan hain enkistatuta dauden gure gizarteetan. Horietan, giza harremanak bizitzeko modu bakarra lehenesten da, batez ere harreman eta rol sexualei eta genero-identitateari dagokienez. Trans pertsonek, gay eta lesbianek, intersexualek edo, arrazoi ezberdinengatik edo beren bizitzetako une jakinetan, sexu-joeraz edo genero-identitateaz ezarrita dauden arauekin bat ez datozenek arazo handiak dituzte beren nortasun anitza aske bizitzeko, bai lanean, kalean, gizarte-harremanetan, familia-harremanetan eta, zenbaitetan, baita administrazio publikoekin dituzten harremanetan ere.

Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak (FRA) iazko maiatzean argitaratu zuen inkestak agerian jarri du, besteak beste, 2012an azken inkesta egin zenetik ia ez dela aurrerapenik egin Europan, bada, adierazle batzuek hobera egin duten arren, beste batzuek okerrera egin dute. Espainiar Estatuan egindako inkesten datuak ikusita (ez dago autonomia erkidegoka bereizitako daturik, Euskal Herriko egoera zein den estrapolatu ahal izateko) parametro batzuk hobetu dira; beraz, aniztasun afektibo eta sexualari dagokionez, gure gizartea gero eta solidarioagoa eta enpatikoagoa izateko itxaropenari eutsi diezaiokegu. ILGA Europaren "Rainbow Europe 2020" izenburuko urteko azterlanak ere gauza bera adierazten du, izan ere, Espainiako estatuak lortutako puntuazio orokorrak hobetu egin du 2019ko txostenean eman zitzaiona.

Dena den, Arartekoak honako gai honetara erakarri nahi du arreta berriro: euskal botere publikoek pertsona guztien eta horiek barne hartzen dituzten taldeen benetako berdintasun eraginkorra eragozten duten trabak kentzen jarraitu behar dute, baita arlo honetan ere. Bide horri jada ekin zitzaion, Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Eusko Legebiltzarraren ekainaren 28ko 14/2012 Legearen bidez. Sakontzen jarraitu beharra dago, ekintza positiboko eta gizartea sentsibilizatzeko neurriak hartuz -euskal erakunde sarea osatzen duten instantzia guztietan , tolerantzia eta elkarrekiko errespetua sustatzeko, eta talde horren kontrako diskriminazioaren aurrean, babes egokia eta eraginkorra bermatu eta eskaintzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 26a