Arartekoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena hizkuntza eskubideen gainean

Arartekoak, Iñigo Lamarcak, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, sinadura ekitaldia burutu dute gaur Donostian. Akordio honen bitartez, herritarren eskubide linguistikoak defendatu eta eskubide hauen gaineko jarraipena egiteko bide berri bat zabaldu dute bi instituzioek (Arartekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak).

Koordinazioak, gardentasunak, eraginkortasunak, bi norabideko informazio trukaketak eta instituzioen arteko leialtasunak motibatu dute, hain zuzen ere, Gobernuak Arartekoarekin sinatutako akordioa. Noski, bakoitzaren konpetentziak hasieratik bukaerara errespetatuz.

Arartekoak aipatu duen bezala, "euskararentzat neurri handi batean oraindik kaltegarria den egoera soziolinguistikoan, hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoa azpimarratu nahi dut. Zentzu honetan, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarekin gauzatuko dugun koordinazio esparru berriak beste aurrerapauso bat ekarriko du berekin".

"Arartekoaren eginkizuna da hizkuntza eskubideak babestea eta, ondorioz, herritarren kexak aztertzea eta horren gainean ebaztea. Ararteko erakundera heltzen diren kexen arabera, euskal hiztunen eskubideak administrazioekiko dituzten harremanetan ez daude behar bezala bermaturik zenbait esparrutan. Hori dela eta, garrantzitsutzat jotzen da kexen eraginkortasuna ahalik eta gehien hobetzea. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarekin harreman estuagoa lortuko du Arartekoak, izenpetu dugun hitzarmenaren bidez. Horren arabera, Elebide zerbitzuarekin herritarren kexei buruzko gorabeherak hobeto koordinatuko dira hizkuntza eskubideen babes handiago baten mesedetan", argitu du arartekoak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak honako hau adierazi du gaur goizeko agerraldian: "Hizkuntza eskubideez hitz egiten dugunean, ez gara hizkuntzei buruz ari, ezta gutxiago ere. Izan ere, pertsonez, hauen eskubide eta askatasunez, justiziaz eta elkarbizitzaz ari gara. Eta hau, oso garbi geratu behar da. Gizarte moderno eta demokratiko baten ezaugarria da eskubideen eta askatasunen aitormena eta hauek estatuak berak egiazki bermatzea. Eta printzipio hau, nola ez, hizkuntza eskubideekin ere bete behar da. Honela, botere publikoaren betebeharra da herritarraren eskubide hauek egiazki betetzen direla bermatzea, baita, esan bezala, hizkuntza eskubideei buruz ari garenean ere".

"Eskubide hauek bermatzea eta, zentzu honetan, neurri zehatz eta eraginkorrak hartzea ezin daiteke inola ere inposizioaren prismatik begiratu. Ez baitzaio herritarrari ezer inposatzen. Botere publikoak behartuta daude neurriak hartzera herritarrak bi hizkuntza ofizialetatik aukeratzen duena erabili ahal izan dezan. Bai euskara erabili nahi izanez gero, baita gaztelania aukeratuz gero ere, inork senti ez dezan oztopo edo zailtasunik nahi duen hizkuntza ofiziala aukeratzerakoan", gehitu du sailburuordeak.

"Euskal Autonomia Erkidegoan badugu 30 urte baino gehiago dituen marko legal bat: 1979ko Autonomia Estatutua eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea, hain justu. Lege honek, Euskararen Legeak, guztiok dakizuen bezala, herritarrari eskubide linguistiko batzuk aitortzen dizkio. Gainera, Euskararen Legeak, eskubideak aitortzeaz gain, behar batzuk ezartzen dizkie botere publikoei eskubide hauek egiazki bermatu eta errespetatu ditzaten. Aitormen hau, bestalde, eredugarri eta aurreratua da mundu mailan. Ez daukat inolako zalantzarik zentzu honetan. Hala ere, tamalez, eskubide horiek aitortzea eta eskubideak egiazki betetzea bi gauza ezberdin dira eta, askotan, ez dira bi pausuak batera ematen", adierazi du Patxi Baztarrikak.

"Laburbilduz, Gobernuak efektiboagoa izan nahi du jardun honetan. Eta, Elebide beraren lana errazagoa izan dadin, Arartekoarekin lankidetza bide berri hau ireki dugu. Gobernuak Arartekoarekin lankidetzan jardun nahi du herritarra bere hizkuntza eskubideen urraketen aurrean defendatzeko. Honela, Gobernuaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot Arartekoari hizkuntza eskubideen aurrean urtez urte, bere txostenen bitartez, erakutsi duen konpromiso eta sentiberatasunarengatik. Errieta egiten digunean, zalantzarik gabe, bidetik ez ateratzen laguntzen digu eta lanean jarraitzeko arrazoi gehiago ematen digu", bukatu du saillburuordeak.


Donostian, 2014ko martxoaren 28an