Arartekoaren gomendioa betez, Bilboko Udalak pertsona bati eman dizkio hark eskatutako agiriak

Herritar batek udal aparkaleku bateko plazarekin zerikusia zuen arazo bat azaldu zion Bilboko Udalari. Sozietate pribatu batek kudeatzen eta ustiatzen du aparkaleku hori.

Kexagileak udal aparkalekuaren obra-proiektua eraikitzeko planoei buruzko informazioa eta agiriak eskatu zituen, baita ere aparkaleku hari zegokion ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria ere, horiek guztiek bere eskubideak defendatzea erraztu ziezaioketelako. Administrazioak erantzun ez zionez gero, herritarrak Arartekora jo zuen.

Informazio guztia aztertu ondoren, Arartekoak ebazpen bat eman zuen. Bertan adierazi zuenez, baliteke eskatutako agiriak Bilboko Udalaren esku egotea; horregatik, eskaera hori aintzat hartu eta behar den moduan eta epean izapidetu behar zuen, gardentasun-araudian jasotako erregulazio bereziaren arabera. 

Era berean, udalari gogorarazi zion informazioa eskuratzeko mugaren bat edo eskaera ez onartzeko arrazoiren bat zegoela uste bazuen, hori berariaz eta neurriz arrazoitu eta justifikatu behar zuela.

Azkenik, Arartekoaren gomendioa onartuta, Bilboko Udalak kexagileari eman dizkio hark eskatutako agiriak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 10a