Bermeoko Udalak legeriara egokituko du aldizkako azoketan gune publikoa adjudikatzea

Nekazaritzako ustiategi baten eta nekazaritza-azoka batzuetako salmenta ibiltariko postu baten jabeak kexa egin zion Arartekoari, ez baitzegoen konforme Bermeoko Udalak izan zuen jokaerarekin aldizkako azoketan txosnak adjudikatzeko orduan.

Kexagileak postu bat jartzeko eskaera egin zuen Bermeoko jaietarako, 2013ko irailerako hain zuzen. Abenduan, hau da, azoka hura egin eta handik 3 hilabetera, udalak idazki baten bidez jakinarazi zion eskaera hura ukatu egin zela.

Udalak arrazoi hau eman zuen eskaera ukatzeko: 15 urte lehenagotik, beste pertsona batek hartzen zuela taloa, txorizoa, e.a. saltzeko txosna, eta hark egindako zerbitzuak guztiz asebetetzeko modukoak zirela.

2015ean, kexagileak berriz eskaera egin zuen, txosna baten gune publikoa hartzeko. Ez zioten esleitu, eta espedientea ikustea eskatu zuen, baina ez zuen inolako erantzunik jaso.

Urte horrexetan, udalak txosnen esleipenean parte hartzeko beharrezko baldintzak onartu zituen, baita azoka antolatu eta koordinatzeko enpresa esleipendunak ezarri behar zituen hautaketa-irizpideak ere. Hautaketa irizpideen artean, honako hau ezarri zen: enpresa esleipendunak zuzenean kudeatu ahal izango zituela azoketan jarriko ziren postuetatik hamabi.

Indarreko ordenantzak adierazten du baimenak lehiaketa prozeduraren bitartez emango direla. Beraz, Bermeoko Udalak ezin dizkio enpresa antolatzaileari zuzenean hamabi postu esleitu, derrigorrezkoa baita baimenak lehia edo zozketa bidez ematea.

Beraz, gomendio bat egin genion Bermeoko Udalari, honako hau betetzeko beharrezko izapideak egin zitzan:

1. Egoki diren izapideak egin aurretik, 2015eko Santa Eufemia Azokaren harira espazio publikoan taloak eta beste produktu batzuk saltzeko jarri beharreko txosnaren adjudikazio-espedienterako sarbidea baimentzea interesdunari.

2. Kasua bada, ekitaldian zehar egingo diren azoketarako taloak eta beste produktu batzuk saltzeko txosnaren adjudikazioa berrikustea.

3. Azokak antolatzeaz arduratzen den enpresari zuzenean hamabi salmenta-postu adjudikatu izana berraztertzea, espazio publikoan jarri beharreko salmenta-postu guztiak lehia askera irekita egon behar direlarik, lehiaketa bidez zein zozketa bidez.

4. Azoketan jarri beharreko salmenta-postu guztien adjudikazioa horretarako eskumena duen udal organoak egitea, egoki diren formalitate administratiboekin.

Bermeo Udalak adierazi digu onartu egin duela gure gomendioa, eta beharrezko izapideak egingo dituela aldizkako azoketan gune publikoaren esleipena legeriara egokitzeko.


Vitoria-Gasteiz 2016ko maiatzaren 2a