Bilboko udalak ofizioz emango ditu bankuan helbideratutako errolda-erreziboak ordaindu izanaren frogagiriak

Bilboko biztanle batek kexa-idazkia azaldu zion Arartekoari, Bilboko udalak bankuan helbideratutako errolda-erreziboak kobratzeko erabiltzen duen sistema dela-eta.

Kexagileak zioenez, erreziboa kontuan kargatu ondoren, bankuak agiri bat bidaltzen zion, helbideratuta zeuden errezibo guztien sarrera adieraziz, baina zerga-kontzeptuak zehaztu gabe. Horrela, tributu zehatz bat (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, estolderia-tasa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, TAO,¿) ordaindu izanaren frogagiria lortzeko, zergadunak berariaz eskatu behar zuen, telefono zenbaki jakin batera deituz.

Herritarraren ustez, sistema hori ez zen zuzena, eta administrazioak frogagiri oso bat eman beharra dauka zerga-kontzeptu bakoitzeko, interesdunak eskatu zain egon gabe. Bestalde, telefono bidezko eskaera garestia zen zergadunarentzat, ez baitzen doako telefonoa, eta, gainera, ez baitzen inon jasota gertatzen eskaera egina zegoela.

Bilboko udalari informazioa eskatu ondoren, hark zehatz-mehatz azaldu zigun zein prozedura erabiltzen zuen. Udalak adierazi zigun banku edo aurrezki kutxei ez ziela zergaren edukiaz inolako argibiderik ematen, informazio hori isilpekoa zelako. Gainera, errezibo horiek itzultzerik ez dagoenez, udalak ordaindu izanaren frogagiritzat jotzen zuen bankuak herritarrari bidaltzen dion agiria.

Informazio guztia aztertu ondoren, eta Bizkaia Lurralde Historikoko Zergabilketari buruzko Araudiak zer dioen kontuan izanik, Arartekoak zera gomendatu zion Bilboko udalari: ofizioz eman ditzala bankuan helbideratutako errolda-erreziboak ordaindu izanaren frogagiriak. Onartu egin du gomendioa.

* Gomendioaren eduki osoa erakundearen web orrian kontsulta daiteke (www.arateko.net).

Vitoria-Gasteizen, 2003ko maiatzaren 9a