EAEn NORBERAREN AUTONOMIA SUSTATZEKO ETA MENDETASUNARI ARRETA EMATEKO LEGEAREN APLIKAZIOA txosten bereziaren aurkezpena

Menpeko pertsonatzat jotzen ditugu adinak, gaixotasunak edo ezgaitasunak eragindako arrazoiengatik, eta gorputz, adimen edo zentzumen autonomiarik ez dutelako edo galdu dutelako, beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dutenak edo eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza handia behar dutenak, edo, adimen ezgaitasuna edo gaitz mentala duten pertsonei dagokienez, norberaren autonomiarako bestelako laguntza batzuk behar dituztenak.

Menpekotasuna bizitzako aro guztietan ager daiteke, haurtzarotik hasi eta zahartzarora bitartean, nahiz eta gehienbat azken aro horretan gertatu. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), menpeko pertsonatzat onartuak izan diren guztietatik, %80 inguru 65 urtetik gorakoak dira; are gehiago, onarpenetatik %50 eta %60 bitartekoak 80 urtetik gorako pertsonak dira. Sexuari dagokionez, ofizialki menpekotasun-egoera onartu zaien pertsonetatik %64 emakumeak dira.

Azken hamarkadetan, menpekotasuna, babestu beharreko gizarte-arriskutzat hartua izatera iritsi da. Hainbat aldaketa demografikok eta sozialek eragin dute menpekotasun-egoeran dauden biztanleak gero eta gehiago izatea, honako hauek, esate baterako: heriotza-tasak behera egin du, bizitza-itxaropenaren indizeek gora egin dute, biziraupen-tasa altuagoak daude gaixotasun kroniko eta jaiotzetiko asaldura jakin batzuen kasuan, populazioa zahartzen ari da edo lanean eta errepideetan gertatzen diren ezbeharren kopurua igo egin da. Horrek guztiak eta, gainera, emakumea lan-merkatuan sartzeak, gizon askok zaintza informala beren gain ez hartzeak eta familia-egiturak aldatzeak kolokan jarri ditu "laguntza informalaren" zimenduak -laguntza horixe da menpeko pertsonen zaintzaren euskarri nagusia, eta batez ere emakumeek hartzen dute bere gain-.

Vitoria-Gasteiz, 2001ko ekainaren 28a


Lotutako dokumentazioa

Prentsa oharra EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa. Arartekoaren txosten berezia