ELKARTUZ topaketa: Aniztasunetik berdintasunera

Elkartu Gutxitasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazio koordinatzailea jardunaldi bat egiten ari da gaur Donostian. Gipuzkoan gutxitasun fisikoa duten pertsonen egoeraz eta beharrez azken hiru urteotan egin den azterlan batean ateratako ondorioak azaldu ditu bertan.

Azterlan horretan, Gipuzkoako gutxitu fisikoen egoeraren erradiografia egiten da, talde horren beharrak antzematen dira eta zenbait neurri proposatzen dira behar horiek asetzeko. Hauxe du helburu: gaiarekin zerikusia duten eragile guztien konpromiso partekatua abiapuntutzat hartuta, herritar guztien aukera-berdintasuna bultzatzea, gizarte erabat barneratzailearen esparruan.

Azterlana aurkeztu ondoren, Manuel Lezertua arartekoak esku hartu du, honako izenburuko ponentziarekin: "Ezgaituen eskubideak bermatzea".

Azken urteotan ezgaituen taldeak eta taldearentzat erdietsitako lorpen garrantzitsuak aipatu ditu arartekoak. Bereziki nabarmendu du Nazio Batuen Batzar Nagusiak orain hamar urte onartu zuela Ezgaituen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena; hori garrantzi handiko gertakaria izan zen ezgaituentzat, beren familientzat eta ingurukoentzat, baita elkarteen mugimenduarentzat ere, mugimendu horren esku hartzea erabakigarria izan baitzen hitzarmena prestatzeko prozesuan.

Gure araudi-esparruari dagokionez, Lezertuak esan du ezgaituen eskubideak errazago baliatzeko asmoz gure gizartean hartzen ari diren neurrien bitartez aurrerapausoak egin diren arren, oraindik lan asko dagoela egiteko, talde horren eskubideei buruzko araudi autonomikoa eguneratzeko zeregin beharrezko eta nahitaezkoan sakondu nahi bada.

Hezkuntza barneratzaileaz, aukera berdintasunean oinarritutako heziketaz edo gizarte-politikez ere hitz egin du bere mintzaldian.

Bukatzeko, arartekoak Ararteko Mapak aitatu du: tresna horrek irisgarritasun-mapetan bildutako informazioa eskuratzeko aukera ematen dio edonori. Eta laster EAEko ospitaleetako irisgarritasunari buruzko diagnostikoa egiten duen txostena argitaratuko dela iragarri du. Txosten horretan, hain zuzen, Elkartu elkartea lankidetzan aritu da Arartekoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 9a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 9-6-2016