Emakume eta Urritasunei buruzko Bizkaiko V. Foroa

Abenduaren 18an, FEKOOR Bizkaiko Ezinduen Federazio Koordinatzaileak Emakume eta Urritasunei buruzko Bizkaiko V. Foroa antolatu zuen, izenburu honekin: "Gai izan gaitezen: Euskal Herriko genero-zeharkakotasunerako eta urritasunerako proposamena".

Iñigo Lamarca arartekoak Jardunaldia hasi zuen. Jardunaldiaren helburu nagusia emakume ezinduen eskubideak errebindikatzeko jarduera-lerroak diseinatzea zen, eta Ekintzarako Plan Estrategikoa ezartzea, hitzaldietako ondorioak eta proposamenak erakutsiz eta ezagutaraziz.

Ikuspuntu teorikoa "Euskal Herriko Genero-Zeharkakotasunerako eta Urritasunerako Proposamena" izeneko agirian oinarritu zen. Bertan biltzen dira autonomia erkidego mailako nahiz udal mailako Berdintasunerako Plan batzuk aztertu ondoren atera diren ondorioak, baita irizpide orokorrei eta ardatz, arlo eta ekintzei buruzko proposamenak ere.

Ararteko erakundeak beti arreta berezia jarri du beren eskubideak berdintasunean erabiltzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonak babesten. Horrela, ezinduen eskubideak defendatzea lehentasunezko helburua izan da beti gure erakundean.

Arlo horretan, azpimarragarriak dira, besteak beste, erakundeak gai horretaz egin dituen bi txosten monografiko: Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilera publikoa duten eraikinen irisgarritasuna.

Orobat, Arartekoak ofiziozko jarduerak egin ohi ditu euskal herri-administrazioekin, ezinduen eskubideak bermatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko, izan ere, ezinduentzako aukera berdintasuna lortzeko asmoz azken urteotan botere publikoek politika aktiboak sustatzen aurrerapen handiak egin dituzten arren, oraindik asko dago egiteko.