Estatu Mailako Zerga Politika eta Giza Eskubideei buruzko mintegia

Arartekoak, Iñigo Lamarcak, gaur Bilbon estatu mailako mintegi bati hasiera eman dio, gizarte zibilaren erakundeek zerga politika eta giza eskubideen gaineko kontsultei erantzun diezaieten. Alboan erakundeak mintegi hori koordinatu du eta betan ateratzen diren ondorioak Magdalena Sepúlveda giza eskubideen eta muturreko pobreziaren gaineko kontalari bereziak egingo duen txosten berezian gaineratuko dira. Txosten hori NBEaren Giza Eskubideen Kontseiluaren hurrengo bileran aurkeztuko du.

Politika publikoen, zergen eta giza eskubideen arloetako estatu osoko adituak bildu dituen mintegi horren helburua zerga politikaren inguruan hausnarketa egitea eta eztabaidatzea da, baita gai hori eta giza eskubideen betebeharren arteko lerrokatzeren gainean ere. Eztabaida zerga sistemaren ezaugarriak eta haren eboluzioa, sistema horren eta giza eskubideen arloko legezko betebeharren arteko harremana eta zergen eremuaren birbanaketa inpaktua aztertzeko baliagarria izango da. Beste gai batzuen artean, pobrezia eta desberdintasunak murrizteko gizarte babesen sistemaren finantzazioaren iraunkortasuna, zor publikoa eta gizarte gastuari dagokienez aurrekontuak gauzatzeko irizpideak, gastu publikoaren murrizketa eta giza eskubideen gozamenean izan dezakeen eragina, herritarren parte hartzearen eta diseinuaren gaineko gardentasunaren esanahia eta politika publikoen ezarpena eta jarraipena bezalako gaiak jorratuko dira.

Ararteko erakundeak mintegi horretan parte hartuko du erakunde honek giza eskubideen printzipioen eta balioen sustapenarekin duen konpromisoaren testuinguruan, politika publikoen diseinuan ezinbesteko gida baitira.

Bilbo, 2013ko urriaren 14a