Eta Europa, zertarako? Europa gazteen ikuspegitik

Ekainaren 17an, Arartekoak Europari eta gazteei buruzko web-mintegi bat egin zuen. Manuel Lezertua arartekoak aurkeztu eta moderatuta, lau hizlari gai hauetaz mintzatu ziren: Europak gazteei eskaintzen dizkien aukerak; haurrek eta nerabeek Europa mailan parte hartzea; euskal gazteria eta Europarekin duen lotura; informazioa jasotzeko eta Europan parte hartzeko dauden baliabideak. Horrela, Arartekoak hitza eman zien bai haur eta gazteei, bai adituei ere, eta herritarrek batzuekin eta besteekin solas egitea eta eztabaidatzea erraztu zuen. Jarraian, hitzaldi horiek laburtuko ditugu (gure YouTube kanalean entzun daitezke).

José Ignacio Torreblancak (Kanpo Harremanetarako Europako Kontseilua), hasteko, nabarmendu zuen Euskadi beti izan dela europazaletasunaren erreserba bat, eta azpimarratu zuen euskal gazteek gaur egun europazaleenetakoa den herrialde batean bizitzeko abantaila dutela, non biztanleek Europar Batasunean eta izurriari emandako erantzunean konfiantza handiena duten. Gainera, José Ignaciok gogorarazi zuen Europako proiektua inoiz ez dutela markatu bere sorrera-uneek, baizik eta bere garapenak: haziz eta eboluzionatuz joan da belaunaldi bakoitzarekin, belaunaldi bakoitzak bere egin du eta krisialdi eta erronka berriei aurre egin behar izan die. Horregatik, oraingo hau Europako gazteen une egokia da berriro, izurriaren ondoren, proiektu hori zuzentzeko eta susperraldiaren buruzagi izateko. Horren haritik, gazteentzat berri ona da EBk bultzatutako susperraldi-programa: lehentasun nagusiek (digitalizazioa eta ingurumenaren jasangarritasuna) aparteko aukerak ematen dituzte gazteen buruzagitzarako eta enplegurako, gazteak baitira buru egiteko gizarte-sektore gaituena. Ekonomia tradizionalean suntsitzen den enplegu bakoitzeko, 1,5 enplegu sortzen dira sektore berrietan.

June Albalák (Eurochild-eko Haur Kontseilua) Eurochild-eko Haur Kontseiluko kide gisa duen eskarmentuaren berri eman zuen. Erakunde horrek Europako neska-mutilen eskubideak babestea eta haien partaidetza sustatzen ditu. Junek parte hartu ahal izan du Europako erakundeek antolatutako hainbat ekitalditan: Europako Parlamentuko diputatuekin egindako bileretan, Europako Parlamentuaren osoko bilkuretan edo Europako Batzordeko kideekin izandako eztabaidetan. Junek adierazi zuen Eurochild-eko kide izan den bi urteetan jarrera-aldaketa sumatu duela: hasieran, eztabaidan jartzen zen neska-mutilek ekitaldi horietan parte hartu ahal izatea, eta helduek ez zekiten zehazki zein zen beraien eginkizuna. Alabaina, denborak aurrera egin ahala, Junek balioesteko eta entzuteko jarrera irekiagoa nabaritzen du, eta, bere ustez, haur eta gazteen parte-hartzea serioski aintzat hartzen hasi da eta garrantzitsua nahiz eraginkorra da. Bere esanean, "Euskadiren eta Europako erakundeen arteko zubia izango balitz bezala" sentitzen da.

Maialen Olabek (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua) gai honetaz egin zuen gogoeta: gazteen erakundeek eta administrazio publikoek zer eginkizun duten Europa gazteei hurbiltzeko orduan. Azpimarratu zuen Euskadin 18 eta 30 urte bitartekoek gero eta konfiantza handiagoa dutela Europan, eta gero eta hobeto ezagutzen direla Europa eta Europar Batasuna. Hala ere, oraindik urruneko zerbait balitz bezala sentitzen da, ez gazteen artean bakarrik. Dena den, pixkanaka, gero eta gehiago sozializatzen da Europa mailan: elkarte europazaleak agertzen dira autonomietan eta herrietan; administrazioak eta gazte-elkarteak lankidetzan aritzen dira Europako programak aprobetxatzeko, esate baterako, Europako Elkartasun Kidegoa; eta gazteek parte hartzeko guneetan, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Europari dagokion gaia. Gazteriak Europako gaien gainean interpelatuago sentitu behar du, eta, horretarako, Europak gazteen demokratizazioan, partaidetzan, elkartasunean eta bizi-proiektuetan sakontzen jarraitu behar du.

Itziar Fernándezek (Bizkaiko Europe Direct) azaldu zuen gazteentzat zer aukera dauden Europar Batasunaz informatzeko eta harekin jarduteko eta parte hartzeko. Hainbat ekimen eta programa izan zituen hizpide, hala nola ikasleen eta elkarteen mugikortasuna (Erasmus +), laneko mugikortasuna (EURES) eta elkartasun-proiektuetarako mugikortasuna (Europako Elkartasun Kidegoa). Parte hartzeko aukeren berri ere eman zuen, esaterako, egungo Europaren Etorkizunari buruzko Biltzarra edo Europako Elkarrizketa Gazteekin. Entzuleei eskuragarri jarri zizkien Bizkaiko Europe Direct zentroaren baliabideak, zentro hori herritar guztien Europarako sarbidetzat erabiltzen baita, eta aholku eta informazio pertsonalizatuak ematen baititu. Bukatzeko, nabarmendu zuen benetako herritar europarrak sortu behar direla, gogotsuak eta parte-hartzaileak.

Bere aurkezpenean eta eztabaidan barrena, Manuel Lezertua arartekoak zenbait hausnarketa egin zituen Europan bizi den une larriaz eta aurre egin beharreko erronkez. Agerian jarri zuen Europak aurreko krisialdiei emandako erantzunaren eta oraingo erantzunaren arteko aldea, eta azpimarratu zuen zaindu egin behar direla Europako oinarrizko balioak, zeinak giza eskubideetan, demokrazian eta Zuzenbide Estatuan hezurmamitzen baitira. Azken garaietan, badirudi ahaztu egin direla balio horiek, nahiz eta, horiek gabe, ezin den Europa indartsu eta kohesionaturik egon herritar gazteentzat. Manuel Lezertuak nabarmendu zuen Arartekoaren jarduera konprometituta dagoela Europako proiektuarekin eta balioekin, baita haurren eskubideekin ere, bere Haur eta Nerabeentzako Kontseiluaren bitartez.


Bideoak

Webinar: Eta Europa, zertarako?