Europako biltzarra:"Justizia leheneratzaile eta terapeutikoa: justizia eredu berritzaileetarantz"

EHUren Uda Ikastaroen barruan, Europako biltzar bat egiten ari da egunotan Donostian, gai hau hizpide hartuta: "Justizia leheneratzaile eta terapeutikoa: justizia eredu berritzaileetarantz". Horren bidez, gizarteko arlo guztietan gatazkak prebenitu eta tratatzea sustatuko duen eztabaida piztu nahi da.

Biltzar horretan ponentziak eta workshops deritzenak txandakatzen dira. Ponentziek finkatzen dute aukeratutako gai-ardatzetako bakoitzean egiten den hausnarketa eta ikerketa orain zer egoeratan dagoen; workshops-ek, berriz, batez ere kontrastatzen dute profesionalek nola jorratzen dituzten ponentzietan arreta erakarri duten gaiek sortutako galderak.

Gaurko saioan, "Justizia leheneratzailearen egungo jardunbidea eta teoría" gaiari buruzko mahaian, Manuel Lezertua arartekoak Antony Pembertonen ponentzia aurkeztu du, paradigma leheneratzaileari eusten dioten printzipio teorikoek aurre egin beharreko erronken gainean. Pemberton jauna Biktimologiako katedraduna da Tilburgeko (Herbehereak) Biktimologia Institutuan.

Arartekoak aipatu du justizia leheneratzailea gero eta uztartuagoa dagoela giza eskubideetan oinarritutako kulturarekin, eta ikuspegi leheneratzailearen ahalmena nabarmendu du, bai agintekeriaren kontrako erreakzioan eta prebentzioan sakontzeko, bai gizartean elkarrizketa onuragarria hasi eta suspertzeko, talde ahul, baztertu edo estigmatizatuak hobeto babestu eta ahalduntzeko asmoz, elkartasunaren bitartez gizarteratzea bultza dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 18a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 18-06-2016