Euskal Herriko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sareari buruz bere webean ematen duen informazioa hobetuko du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak

Horrela, sail horrek Arartekoaren iradokizuna onartu du, non ingurumen arloko informazioa hobetzeko hainbat proposamen egin baitzizkion

Zehazki, adierazi genion sail horrek bere web orrian informazio nahikoa eman behar zuela datuak balioztatzeko prozesuez (automatikoa eta eskuzkoa) eta ebaluazio-datuak behar bezala egiaztatu eta balioztatuta dauden uneari buruz.

Era berean, orrialde horretan informazio zehatza eman beharko litzateke neurketa ekipamenduak funtzionatzean eta kalibratzean sor daitezkeen arazoen gaineko gertakari zehatzez, izan ere, hainbat egoeratan, lortutako datuak baliogabetzea eragin dezakete.

Bere erantzunean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakinarazi digu zenbait aldaketa egin dituela webean ematen duen ingurumen arloko informazioan.

Airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen funtzionamendua azaltzen duen atalean hauxe adierazten da: "Datuak jaso bezain laster baliozkotze automatikoa egiten da Sareak duen datuak ustiatzeko softwarearekin, eta webgune honetan argitaratzen dira. Ondoren, teknikari aditu batek eskuz egiaztatzen ditu datu guztiak."

Nolanahi ere, honako hau zehaztu du: "Zure iradokizuna ikusita, aipatutako jakinarazpena moldatu egin da, azken egiaztapen eta balioztatze une zehatza zein den modu argiagoan adierazteko eta Airearen Kalitatea Zaintzeko eta Kontrolatzeko Sareak jasotako datuen bidez ingurumen informazioa hobetzeko."

Idatziz jasota utzi behar dugu laburtu egin dela (gutxienez 10 egun) eskuzko balioztatzea egin ondoren, datuak argitaratu arte igarotzen den denbora.

Neurketa ekipamenduek izaten dituzten unean uneko arazoei dagokienez, sail horrek informazioa zabalduko omen du: "Nolanahi, egindako iradokizuna aintzat hartuta, hemendik aurrera matxura baten berri izatean, beti argitaratuko da aipatutako jakinarazpena, Airearen Kalitate Sareak biztanleriari helarazten dion informazioa hobetze aldera."

Gure ustez, erantzun horren bitartez onartu egin da Arartekoak egindako iradokizuna. Iradokizun horretan bildu zen herritar batek neurketa-kabinetako datuen gaineko informazioa hobetzeko asmoz egin zuen proposamena.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 21a