Skip to main content
  • Manuel Lezertua arartekoak -Andaluziako, Nafarroako, Kanarietako eta Kataluniako herriaren defendatzaileekin batera- justizia errestauratiboaren, elkarrizketaren, adiskidetzearen, akordioaren eta erreparazioaren kulturari buruzko akordioa sinatzen parte hartu du. Ekitaldia Kataluniako Síndica de Greugesek antolatu du, Bartzelonan. Akordio hori lorpen garrantzitsua da bitartekotzaren eta justizia errestauratiboa sustatzearen arloetan, eta Arartekoak arlo horiek bultzatu ditu Euskadin, bere ildo estrategikoen barnean.

    Arartekoak gatazkak konpontzeko funtsezko tresna gisa barneratu ditu justizia errestauratiboa eta bitartekotza, hala kexetan esku hartzean nola herritarrei arreta ematean ere. Jardunbide errestauratiboen bitartez (esaterako, entzute aktiboa eta barkamen-eskaerak), zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi du, eta elkarrizketako eta erreparazioko ingurunea sustatu. Jardunbide horiek sektore publikoa humanizatzen laguntzen dute, baita administrazioaren eta herritarren arteko harremana sendotzen ere. Orobat, erakunde honek bizikidetzarekin lotutako zenbait prozesu errestauratibo ahalbidetzen ditu, batez ere eremu komunitarioan.

    Akordio hau sinatzeak berretsi egiten du Arartekoak bitartekotzarekin eta kultura errestauratiboarekin duen konpromisoa, herritarren eskubideak hobeto bermatzeko eta gizarte demokratikoago baterantz aurrera egiteko. Erakunde honen iritziz, ekitaldi honetan parte hartzeak indartu egiten du herriaren defentsa-erakundeek funtsezko eragile gisa duten eginkizuna, bai gizartean gatazkak kudeatzeko prozesu alternatiboak sartzeko, bai administrazio publiko hurbilagoa bultzatzeko, herritarrek administrazio ona izateko eskubidea beteko duena.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 5a

  • Arartekoak bisitak egiten jarraitzen du udaletako gizarte-zerbitzuetara eta etxerik gabeko pertsonak artatzen dituzten gizarte-baliabide, jantoki, aterpetxe eta eguneko zentroetara, kezkatuta baitago bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen kopurua gehitu delako, baita kalean bizi diren emakumeen kopurua ere

    Etxerik gabeko pertsonen gaueko zenbaketetan egiaztatzen ari denez, ugaritu egin dira kalean bizi diren pertsonak, gizon nahiz emakumeak. Udalek eta foru aldundiek kudeatzen dituzten gizarte-baliabideetan plazen kopurua handitu duten arren, gizarte-arazo horrek anitz alderdi ditu eta beharrezko egiten du eragile askoren lankidetza eta ikuspegi osoa. 

    Urtero, Arartekoko zenbait langilek bisitak egiten dituzte gizarte-larrialdietako udal gizarte-zerbitzuetara, jakin nahi baita zer-nolako arreta eskaintzen ari diren gure autonomia erkidegoan bizi diren etxegabeen beharrei erantzuteko aurreikusitako gaueko ostatuetan, eguneko zentroetan eta gizarte-jantokietan.

    Bisita horiei esker, errazago jakiten da udal gizarte-zerbitzuetan nolako arreta ematen den, izan ere, handitu egin da etxerik edo ostatu seguru eta egokirik ez duten pertsonen kopurua, eta egoera horiek larriagotu egiten dira neguko baldintza klimatologikoekin. 

    Gainera, bisita horiek aukera ematen digute honako hauek betetzen ote diren ikusteko: Bizitegi-bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia 2024-2028; Arartekoaren Gomendio orokorra:Euskal administrazio publikoek jarraipena eman behar diete kalean bizi diren pertsonak artatzen orain arte egindako ahaleginei, betiere Etxegabeentzako Euskal Estrategiako (2018-2021) jarraibideak betez” eta horren bilakaera aztertzeko ondorengo ebazpena.

    Arartekoak gertutik ezagutu nahi du dauden zerbitzuen egoera, gizarte-baliabide horietara joanez eta gizarte-erakundeekin bilerak eginez, egindako kexen kopurua handitzeari erantzuteko. Kexa horietan salatzen dute ez daukatela beren oinarrizko beharrak asetzeko ostaturik eta estaldurarik.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 4a

  • Manuel Lezertuak, Arartekoak, Ingurumen eta Hirigintzako Fiskalen Sarearen XV. Jardunaldietan parte hartu du, Ávilan, “Administrazio publikoek emisio kutsatzaile gutxiko eremuak arautzeko duten betebeharra” gaiari buruzko hitzaldi batekin.

    Arartekoak egindako esku-hartzean, Arartekoaren Euskadiko emisio gutxiko eremuak arautzeko gomendio orokorra aipatu zuen. Gomendio hori 2024ko otsailean aurkeztu zen, erakunde honek gai horri buruz egindako lehen ekarpen nagusi gisa. Gomendio horretan, hiri-mugikortasun jasangarriko planak onartzeko eta emisio gutxiko eremuak arautzeko zenbait oinarri jaso zituen Arartekoak. Printzipio horien artean honako hauek nabarmentzen dira: proportzionaltasuna, hartu beharreko neurrien motibazioa, diskriminaziorik eza, bidezko trantsizioa, ingurumenaren atzerakadarik eza eta larrialdi klimatikoa. 

    Neurri horien ezarpena, hala nola emisio gutxiko eremuak, atzerapen orokorra jasaten ari da zailtasun tekniko, juridiko eta sozialen ondorioz.

    Oztopo horiei gehitu behar zaie zenbait kolektibok jarri dituzten eragozpenak, beren ustez, hirietan ibilgailu motordunen trafiko-murrizketek zailtasunak sor ditzaketelako beren eskubideak eta askatasunak baliatzeko orduan.

    Era berean, beste kolektibo herritar eta ekologista batzuek egiten duten aldarrikapen gero eta handiagoa ere aipatu behar da, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko betebeharrak bete daitezen eta hiri garbiagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak sustatzeko legean aurreikusitako neurriak berehala ezar daitezen eskatzen baitute.

    Zenbait faktorek arriskuan jar ditzakete legezko epeak betetzeko, ibilgailu kutsatzaileen erabilera murrizteko eta garraiobide iraunkorragoetara aldatzeko helburuak lortzea, hala nola zenbait udalerritan administrazioek jarduerarik ez egitea (oraindik ez dira hasi EGEa diseinatzen), emisio gutxiko eremuak mugatzeko anbizio faltaren arriskua egotea (hiriguneetan dauden berdeguneetara edo oinezkoentzako guneetara mugatuta gera baitaitezke), bai eta lehendik dauden eremuetan atzera egiteko arriskua egotea ere.

    "Arartekoak, —esan du Lezertuak— ausardiaz jokatzeko eskatu die administrazio publikoei, eta gogorarazi die jarduerarik ez egiteak herritarren osasuna eta ingurumena arriskuan jartzeaz gain, legezko erantzukizunak ere ekar ditzakeela". 

    Arartekoak azpimarratu duenez, "ekintza klimatikoa edo kutsadurarik gabeko bizileku bat izateko eskubidea ez da soilik helburu bat, baizik eta oinarrizko eskubide bat, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aitortu duen moduan. Horrenbestez, EBEak eskubide hori bermatzeko funtsezko tresnetako bat dira, eta eskubide hori lortzea administrazio publikoen borondatearen eta konpromisoaren eta herritarren onarpenaren araberakoa izango da".

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 28a
     

  • 2024ko abenduan Euskadi Estrasburgoren aurrean: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea liburua argitaratu zen, Arartekoaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedraren ekimen bateratu baten emaitza gisa. 

    2023an eman zitzaion ekimenari lehen bultzada, jardunaldi-akademiko baten bitartez. Mintegi hori Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urtemuga ospatzeko egin zen eta Arartekoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak antolatu zuten. Jardunaldiaren helburu nagusia Euskadiko giza eskubideen kulturari buruzko hausnarketa bultzatzea zen eta, horretarako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren irudian arreta jartzea erabaki zen, gure lurraldean erreferentzia berezia duten giza eskubideen mekanismo gisa. 

    Hala, jardunaldiak “Giza Eskubideak Euskadin. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea” izena du eta nazioartean eta esparru akademikoan ospe handiko pertsonek parte hartu zuten, hala nola María Elosegui Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratuak; Fabián Salviolik —egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak sustatzeko Nazio Batuetako errelatore berezia—; Joana Abrisketa, Xabier Arzoz eta Alejandro Saiz katedradunek, bai eta Ana María Salinas katedradunak ere, zeinak bere ponentzia ahoz aurkeztu ezin izan zuen arren, idatziz egin baitzuen.

    Euskadi Estrasburgoren aurrean liburuak aipatutako jardunaldi-akademikoaren edukia jasotzen du eta kapituluetan egituratzen da. Hala, kapitulu bakoitzak hizlari baten ekarpena jasotzen du. Liburua Arartekoaren aurkezpen batekin hasten da; beraz, Arartekoak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren eta giza eskubideen defentsarako erakundeen arteko lankidetza-potentziala azpimarratzen du, Arartekoa horietako erakunde bat baita. Hurrengo kapituluetan jasotzen da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako adierazpen esanguratsuenen balantzea eta azterketa. Jorratutako gaien artean, adierazpen-askatasuna, torturaren debekua, elkartzeko eskubidea, bidezko prozesua eta legezkotasun-printzipioa nabarmentzen dira.

  • Herritar batek kexa egin zuen Arartekoan ezin izan zuelako izapide bat egin Deustuko Udaltegian, aurretiko hitzordua hartzea derrigorrezkoa zelako. Horren ondoren, Arartekoak ebazpen bat eman zuen eta, horren bitartez, Bilboko Udalari eskatu zion kendu zezala auzoko udal-bulegoetan izapide administratiboak egiteko nahitaez aurretiko hitzordua hartu beharraren baldintza.

    Udalak emandako erantzunean baieztatu zuen aurretiazko hitzordua ez dela nahitaezkoa eta lehentasuna soilik ematen duela. Hala ere, Arartekoak informazio horren eta udalaren webgunean argitaratuta dagoen informazioaren arteko aldeak aurkitu zituen. 

    Duela gutxi, Udalak Arartekoari jakinarazi dio bulegoetan izapideak egin daitezkeela aurretiko hitzordua izanda nahiz hitzordurik izan gabe. Nolanahi ere, lehentasuna ematen zaie aurretiko hitzordua duten herritarrei eta, aurretiko hitzordua ez dutenei arreta emango zaie baldin eta langileak libre badaude. Nabarmendu du, San Agustin eraikineko bulegoan aurretiko hitzordua ez duten herritarrei arreta emateko berariazko postu bat jarri dela eta, gainera, hitzordua hartzeko hainbat kanal daudela: telefonikoa, web-orrialdea, Bilbaoclik makinak eta aurrez aurrekoa.

    Hala, web-orrialdeko informazioa eguneratu behar dela onartu du, alde batetik, aurretiko hitzordua borondatezkoa dela jakinarazteko eta, bestetik, aurretiko hitzordua beharrezkoa dela baieztatzen duten aipamenak kentzeko. Gainera, baieztatu du eguneraketa hori eskatu duela eta ahalik eta azkarren egingo dela hitzeman du.
    Bestalde, udalak barkamena eskatu dio kexagileari eragin dizkion eragozpenengatik.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 22a

  • Pertsona batek Arartekora jo zuen, Bilboko Bide Nagusian bizi diren auzokideen elkarte batzuen izenean, udalak ez baitzuen esku hartzen eremu horretan egiten diren jarduera ludiko eta manifestazioen ondorioz pairatzen duten zarata kontrolatzeko.

    2023ko uztailean, kaltetuek esku hartzeko eskatu zioten Bilboko Udalari, zarataren ondorioz nozitzen dituzten eragozpenei erantzuteko. Adierazi zutenez, eremu horretako musika-ikuskizunek behin eta berriz urratzen dituzte udal ordenantzak, 45 minutuko denbora-mugari eta anplifikadoreak erabiltzeari dagokienez. Horren ondorioz, zarata-legeriak baimendutako gehieneko mailatik gorako zarata-mailak jasaten dituzte beren etxebizitzetan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiren Jauregiaren inguruan egiten diren elkarretaratze eta manifestazioek sortutako zarata-maila salatu zuten, parte-hartzaileek txilibituak, bozinak eta megafonia erabiltzen dituztelako.

    Auzokideen elkarteek hainbat proposamen zehatz helarazi zizkioten Bilboko Udalari Espazio Publikoaren Ordenantza aldatzeko, baita Udaltzaingoak jarduteko eta udalak berak zarata-araudia betearazteko irizpideak ere.

    Udalari laguntza galdegin ostean, hark txosten bat bidali zion Arartekoari, eta gogorarazi zion musika-ikuskizunen jarduerari buruzko araudia betetzen ez dela ikusten badute, herritarrek salaketa jar dezaketela Udaltzaingoan. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten zaratari buruz, uste du udal ordenantzatik kanpo geratzen dela eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola manifestazioak egiteko baldintzak ezartzea. 

    Kexaren edukia aztertu eta gero, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio Espazio Publikoaren Ordenantza ezarriz, bitartekoak jar ditzala kaleko musika-emanaldiak kontrolatzeko, artistek bide publikoa erabiltzen dutenean, ezarrita dagoen gehieneko iraupena gaindituko ez dela berma dadin eta zarata-mugaren balioak bete daitezen. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten hots-eragina murrizteko, erakunde arteko lankidetza-tresna egokiak ezar ditzan ere eskatu dio, ekitaldi horiek gauzatzen direnean zarata arloko udal araudia beteko dela bermatzeko.

    EBAZPENA 

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 13a
     

  • Txileko Gobernuko Justizia Ministerioaren justizian eta gazteen birgizarteratzean espezializatutako “Revista Señales” argitalpen zientifikoaren azken edizioak (2024ko abendukoa), Arartekoak, 2024an, Txileko Justizia Ministerioarekin Txileko Gazteen Gizarteratze Sistema abian jartzeko prozesuan egindako lanaren berri ematen du (ikusi esperientzia horri buruzko albistea).

    "Txileko gazte-justiziaren erreforman zigor-arloko bitartekotzari buruzko sentsibilizaziorako nazioarteko lankidetza" izeneko artikuluan, Arartekoaren justizia-arloko arduradunak, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko akademiko batekin batera, Txileko Estatuari eskaini zion justizia errestauratiboari buruzko laguntza teknikoa jakinarazten da, Europar Batasunaren Eurosocial-Puente Programaren esparruan. Ekintza horiek Txileko gazte-sistema penalaren erreformaren esparruan garatu ziren, zeinak lehen aldiz zigor-arloko bitartekaritza espresuki jasotzen duen. Herrialdeko iparraldeko bost eskualdetan egindako jardueren helburu nagusia ikuspegi errestauratiboari eta gazte-justizian giza eskubideetarako duten potentzialtasunari buruzko sentsibilizazioa eskaintzea izan zen.

22865
Ararteko

Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2023

2023an berriro areagotu egin zen Arartekoaren jarduera, guztira 13.602 jarduera burutu baitziren; horietatik 8.200 inguru Arartekoaren arretarako kanalen bidez jasotako kexak eta kontsultak dira, hau da, aurreko urtean baino %7 gehiago. Hazkuntza bereziki nabarmena izan zen izapidetutako kexa-espedienteei zegokienez, izan ere, ia 3.900ra iritsi ziren eta, hortaz, ia %37 areagotu. Era berean, Arartekoak ofiziozko 26 espediente hasi zituen. Analisi kuantitatibo labur horretaz irakurketa hau egiten du erakunde honek: egiaztatu da euskal herritarrek konfiantza jarraitua eta gero eta handiagoa dutela defentsa-erakunde honen esku-hartzearen eraginkortasunean.
 

Deskargatu dokumentu hau:
PDF