Ezgaituen Eskubideei Buruzko Nazio Batuen Hitzarmena ezartzen ote den aztertzeko Jardunaldia

Ezgaitasunaren arloko lorpenak eta lortzeke dauden erronkak, Ezgaituen eskubideei buruzko NBEren Hitzarmenaren X. urteurrenean

Ezgaituen Euskal Koordinakundeak (EDEKA) jardunaldi bat antolatu du gaur, Bilbon, ezgaituen giza eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenean ezarri ziren helburuak betetzen ari ote diren aztertzeko, hitzarmen horren hamargarren urtemugan. Manuel Lezertua arartekoak bertan parte hartuko du.

Ezgaituen eskubideak babesteak beti toki nagusia bete du Arartekoaren jardueran. Arlo horretan, gizartea sentikorrago bihurtzen eta gizarte osoaren nahiz botere publikoen partaidetza sustatzen saiatu da, ezgaituen eta beraiek aitortuta dituzten eskubideak erabat gauzatzearen artean dauden trabak kentzeko ahaleginean.

Arartekoaren ustez, oraingo pentsaera eta paradigmak aldatu behar dira gure hiri eta herriak diseinatzeko orduan, gizarte-baliabideak antolatzean eta gure harremanak bideratzean. Manuel Lezertua arartekoak esan duenez, "gizakien funtzionaltasun aniztasunak nagusitu behar du aldaketa horretan, gizabanakoak berezko dituen ahalmenak errespetatuz eta arretaz aintzat hartuz".

Gaur egun, 8 erakundek osatzen dute EDEKA. Koordinakunde hori 2002. urtean sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-bizitzan bete-betean parte hartzeko, ezgaituen eskubideak defendatzeko asmoz.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 29a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 29-11-2016