"Familia-erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin. Diagnostikoa eta jarduteko proposamenak"

Arartekoak egindako azterlana

Azterlan honen jatorrian, herritarrek eta gizarte-erakundeek azken urteotan egindako kexen azterketa dago. Kexa horietan salatzen zuten gazte horiek gizarte-kalteberatasun egoeran bizi direla eta era askotako arazoak dituztela (udal erroldan izena emateko, hemen bizi eta lan egiteko baimena lortu eta berritzeko, oinarrizko beharrak asetzeko, emantzipazio programetan parte hartzeko, prestakuntza ibilbideetarako sarbidea izateko); are gehiago, kasurik larrienetan, "kalean" bizi direla.

Erabilitako iturrien artean, kontsultatu diren 16 administraziok eta gazte horiekin ohiko harremana duten pertsonek bidalitako informazioa eskuratu ahal izan dugu.

Azterlanaren bukaeran, gomendio batzuk egin zaizkie euskal administrazioei, Arartekoari beharrezkoak iruditzen baitzaizkio gazte horiek hobeto arta ditzaten.

Gomendio horien artean, azpimarragarriak dira jarduteko hainbat proposamen, honako helburuok lortzeko:

· Estatuko Administrazio Orokorrarekiko elkarrizketan aurrera egitea, lanerako sarbidea eta erregularizazio administratiboa errazteko asmoz.

· Euskal gazteei beren emantzipazio-prozesuetan laguntzeko politiken eta etorkinak gizarteratzeko eta horiek gizartean parte hartzeko politiken esparruan, estrategia oso bat eratzea, familia-erreferenterik ez duten 18 eta 23 urte bitarteko gazte migratzaileentzat.

· Orientazio juridiko egokia, koherentea eta koordinatua indartzea.

· Udal, foru aldundi eta gizarte-erakundeek eskura dituzten zuzkidura-etxebizitzen multzoa handitzea, bizitoki arloan erantzun duina eskain dezaten.

· Beharrezko diru-sarrerak bermatzea, norberaren oinarrizko beharrei eta gizarteratze eta laneratze prozesuak sortutako gastuei aurre egiteko.

· Gizarte-zerbitzuen euskal sistemari dagokion erantzunaz hausnartzen hastea, eta beste politika publiko batzuekiko duen eginkizuna nahiz barne-artikulazioa argitzea.

· Lanbide-prestakuntzarako hasitako prozesuak sendotzea eta horien arrakasta eragozten duten elementuak ebaluatzea.

· Gizartean baztertuta dauden pertsonentzako gune soziosanitarioa garatzen sakontzea eta, zehazki, kaleko eriondo- eta psikiatria-programak estaltzea.

· Udalerrian bizi diren gazte migratzaileen eta gainontzeko bizilagunen arteko harreman komunitarioak sortu eta indartzeko jarduerak gehitzea.

· Sentsibilizatzeko ekintza zehatzak (zurrumurruen kontrakoak, e.a.) bultzatzea, baita berariazko prestakuntzak ere, gazte horiekiko portaera diskriminatzaileei, tratu-desberdintasunari eta gizarte-estigmatizazioari dagokienez.

· Gizon-emakumeen salerosketa edo edonolako esplotazioa antzemateko tresnak hobetzea.

Arartekoaren iritziz, euskal gizarteak, balioak dituen gizarte ireki eta anitz gisa definitzen denez gero, ezin dio uko egin bere etorkizuna pertsona gazte, gogotsu eta erkidego honi beraien onena emateko irrikaz daudenekin partekatzeari. Geroa gizon-emakume guztion artean eraikitzen dugu, inor baztertu gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 18a

 


Lotutako dokumentazioa

Familia-erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin Azterlanaren laburpena eta gomendioak - Familia-erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin