Gazte Justiziako Behatokiaren Nazioarteko III. Biltzarra eta Hezkuntzari buruzko Eskualde Arteko IX. Biltzarra

Julia Hernández arartekoaren ondokoa Gazte Justiziako Nazioarteko Behatokiaren (GJNB) Nazioarteko III. Biltzarrean parte hartu du, Valentzian.

Biltzar hori GJNBk antolatu du, Valentziako Generalitatearen eta Diagrama Fundazioaren laguntzarekin, besteak beste, eta aurten gai hau aztertu dute: "Gazte Justiziako Sistemak Europan: egungo egoera, ezar daitezkeen ereduen joerak eta esperientzia onak".

Beste alde batetik, Ararteko erakundeko adingabeen arloko arduraduna, Fermín Barceló, Hezkuntzari buruzko Eskualde arteko IX. Biltzarrean eta Pedagogiari buruzko Nazioarteko V. Kongresuan parte hartzen ari da egunotan. Biltzar hori Perun egiten ari da, Arequipa herrian, izenburu orokor hau hartuta: "Eskolako bizikidetasuna eztabaidan: tirabirak eta ikuspuntuak".

Barcelók Euskal Herriko esperientzia azalduko du, hain zuzen ere, Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan txosten berezian jasotakoa. Txosten hori 2006. urtearen bukaeran aurkeztu zitzaion Eusko Legebiltzarrari.