Gerra zibilean desagertutako pertsonen hilobiak non dauden ikertu eta aurkitzeko Departamentu arteko Batzordearen alde dago Arartekoa

Mertxe Agúndez jarduneko Arartekoak pozik dagoela adierazi du, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu baititu Espainiako Gerra zibilean exekutatu zituzten pertsonen gorpuak aurkitu eta identifikatzeko, haien familiak hala eskatu badute.

Arartekoaren esanean, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du nahitaezko desagertze guztiak gizakien duintasuna iraintzen dutela eta giza eskubideak larriki urratzen dituztela.

Mertxe Agúndezen iritziz, "iraganean bidegabekeriarik izan bazen, ez dago ahazterik, memoria morala justiziaren parekoa delako" eta gogorarazten du "ezin dela oraina eraiki, baldin eta iraganean gertatu zen eta argitu gabe dagoen bidegabekeria batek oraindik badirauela ahazten badugu".

Gerra zibileko gertakariak ezingo dira ahaztu herri honetan exekutaturiko pertsona batzuen gorpuzkinez betetako hobi komunak eta arekak dauden bitartean. Beren senide "desagertuengatik" negar egiten duten familiak dauden bitartean, zauri ireki bat egongo da, zauri kezkagarria.

Ez da kontu-garbitze bat, justizia kontua baizik.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 12a