Gipuzkoa solidarioa: Gipuzkoa milaka aurpegi

SOS Arrazakeriak Gipuzkoa solidarioa: Gipuzkoa milaka aurpegi izeneko ekitaldia ospatu du gaur Donostian. Ekitaldi horren bidez, esker ona agertu nahi zaie etorkinei, oraingo euskal gizartea eratzen modu erabakigarrian parte hartu dutelako.

SOS Arrazakeriak urteak daramatza lan garrantzitsua egiten beste geografia-eremu batzuetatik etorritako pertsonekiko dauden aurreiritzien kontra. Horregatik, oraingoan balioa eman nahi izan zaie etorkinen migrazio-ibilbideei eta orain osatzen duten gizartean txertatu izanari.

Gaur arratsaldean burutako jardueren artean, Gipuzkoako gizarte-sektore ezberdinetako, hau da, literatura, kirol, kazetaritza, ikerketa, arrantza, eta abarretako 15 pertsona ezagunek esker ona sinbolizatzen duen diploma bana eman diete arlo horietan diharduten eta Gipuzkoan bizi diren beste hainbat etorkini.

Iñigo Lamarca arartekoak SOS Arrazakeriaren ekimen horretan parte hartu du eta eskertzeko sari hori eman dio Salim senegaldar errefuxiatuari.


Donostia-San Sebastián, 2010eko urriaren 23a