Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 67. Urtemuga ospatuko du Arartekoak

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ren urtemuga dela eta, Arartekoak Euskadira etortzera gonbidatu du NBEren Giza Eskubideen Batzordeko presidentea, Fabián O. Salvioli jauna.

Salvioli jaunak honako izenburuko hitzaldia emango du Bilbon, hil honen 11n: "Giza Eskubideen Batzordea: eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunaren ezarpena ikuskatzea. Espainiaren kontrako erreklamazioak bereziki aipatzea". Ekitaldi hori Arartekoak antolatu du, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuarekin lankidetzan.

Salvioli profesorea Zientzia Juridikoetan doktorea da, Nazioarteko Harremanetan maisua eta La Platako Unibertsitate Nazionalean Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Katedraren titularra. 2009. urteaz geroztik Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko partaidea da. Organo hori giza eskubideen arloko mundu osoko hemezortzi adituk osatzen dute eta, gaur egun, bera da batzordeburu.

Batzorde horren zeregina Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna zenbateraino ezartzen den ikuskatzea da. Itun aldeaniztun hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zuen; eskubide zibil eta politikoak aitortzen ditu, eta zenbait mekanismo ezartzen ditu eskubide horiek babestu eta bermatzeko.

Arartekoak efemeride hori nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideen Egun Unibertsalean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 67. urtemugan. Agiri hori mugarria da nazioarteko Zuzenbidearen historian.

Lege- eta kultura-tradizio ezberdinak dituzten munduko eskualde guztietako ordezkariek prestatu zuten Aldarrikapena, eta planetako herri eta nazio guztientzako eredu komun izendatu zuten. Aldarrikapenean lehen aldiz aipatu ziren banan-banan, nazioartean, gizaki guztiei datxezkien oinarrizko eskubide eta askatasunak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 2a