Gizarte-bazterketaz eta patologia mental larriaz gogoeta egiteko jardunaldia

Manuel Lezertua arartekoak Gizarteguneren jardunaldi batean parte hartu du gaur, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak antolatu du, honako izenburuarekin: "Gizarte-bazterketa eta patologia mental larria: lankidetza soziosanitarioa ezinbestekoa da".

Bere mintzaldian, arartekoak koordinazio soziosanitarioari buruzko printzipioak aipatu ditu, gaixotasun mental larria eta gizarte bazterketa gertatzen direnerako.

Arartekoaren ustez, hauxe da gizartean baztertuta dauden gaixo mental larriei ematen zaien arreta soziosanitarioaren ardatz nagusia: tratamenduari herritarren eskubideen eta gizarte-ahultasunaren ikuspegia gehitzea. Hau da, pertsona horiek bermatuta izan behar dute ez bakarrik laguntza egokia, baizik eta baita ere legeriak aitortzen dizkien eskubideak errespetatzea.

Talde berezien premiak ere kontuan hartu behar dira, adibidez, presoenak, eta tartean emakumeak edo gazteak baldin badaude, horien berezitasunak. Arartekoak zenbait txosten berezi egin ditu pertsona horiek jasotzen duten arreta aztertzeko. Berriena hauxe da: Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa. Txosten horretan erantzunak aztertzen dira, hainbat gabezia azaltzen dira eta talde horren gizarteratzea errazteko aintzat hartu beharko liratekeen gomendio batzuk egiten dira.

Bukatzeko, arartekoak hauxe adierazi du: "gizakiek eta gizarteak daukaten baliorik garrantzitsuenetako bat pertsona ahulenganako elkartasuna da, eta halakoxeak dira gaixotasun mental larriak dituzten pertsonak. Gizarte-babesa ezinbesteko egitura da bizikidetasunerako, osasun plangintzarako, gaixotasunei aurre egiteko eta pertsonen eskubideak beteko direla bermatzeko".

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 2016-02-26