GURASOEN ERANTZUKIZUN PARTEKATUAREN GAINEKO II. JARDUNALDIAK

Dibortzio kasuetako familia-harremanei buruzko euskal legea. Adingabearen interesa babesteko aurrerapen demokratikoa Euskadin

Gurasoen erantzukizun partekatuaren gaineko II. Jardunaldiak egiten ari dira gaur Donostian, Miramar jauregian. Kidetzak antolatu ditu, hau da, guraso bananduen Euskadiko Federazioak.

Egunean barrena, zenbait hizlarik gurasoen erantzukizun partekatuarekin eta Legegintzako herri-ekimenarekin zerikusia duten gaiak azalduko dituzte: hobetu daitezkeen alderdiak, legeak beste erkidego batzuetan nola funtzionatzen duen, bitartekotzarako eta erantzukizun partekaturantz bideratzeko zerbitzuak, e.a.

Besteak beste, Julia Hernández jarduneko arartekoak bere mintzaldian hainbat aldiz aipatu ditu adingabearen interes gorena eta benetako berdintasun eragingarria, gurasoen erantzukizun partekatuaren ardatz nagusi gisa.

Egiaz, 2010. urtean, hauxe eskatu genien botere publikoei gomendio orokor batean: beraien eskumenek ahalbidetzen zieten neurrian, beharrezko lege-aldaketak egin zitzatela banantze eta dibortzio kasuetan hautabide komenigarrientzat jo zedin elkarrekin izandako seme-alabak bi gurasoek zaintzea, gurasoen erantzukizun partekatuaren araubideari jarraiki, betiere adingabeen lehentasunezko interesa babestuz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Julia Hernándezen interbentzioa 16-10-2015