HERRIAREN DEFENDATZAILEEN LAN-SAIOA, KRISI EKONOMIKOKO EGOERAN ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEA ERAGINKORTASUNEZ BABESTEKO NEURRIEN GAINEAN

· Arartekoak gogorarazten du botere publikoek eskura dauden baliabideetatik ahalik eta gehienak erabili behar dituztela pertsona guztiek etxebizitza izateko duten eskubidea eraginkortasunez bete dadin bermatzeko.

· Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatzen dio sendotu dezala Familien Neurriz gaineko Zorpetzeari Laguntzeko Zerbitzua eta, zehazki, Hipoteka Bitartekotzarako Zerbitzua. Laguntza material eta pertsonalik handiena eman behar zaie neurriz gaineko zorpetzearen ondorioak jasaten ari diren familiei. Laguntzak erabatekoa izan behar du eta, ahal den neurrian, hipotekatutako ondasunen gaineko betearazpena prebenitzera eta eragoztera bideratuta egon behar du.

· Arartekoaren ustez, Estatuko legeria aldatu beharra dago, hipoteka bitartekotza egiteko nahitaezko prozedura bat ezar dadin, mailegu hipotekarioen kontratuetan etxea ordainetan ematea orokortu dadin erantzukizuna onartzeko klausula gisa , eta epaileak nahitaezko betearazpena eten ahal izan dezan, gaia sakon aztertu arte eta mailegu-kontratuak kontsumitzaileentzat gehiegizko klausularik ba ote daukan egiaztatu arte.

Iñigo Lamarca arartekoa Oviedon da gaur, Asturiaseko Prokuradoretza Nagusiak (Herriaren defentsa-erakundeak) antolatutako lan-saio honetan parte hartzen: "Krisi ekonomikoko egoeran etxebizitza izateko Konstituzio-eskubidea eraginkortasunez babesteko neurriak". Topaketa honetan Espainiako defentsa-erakunde guztiak ari dira parte hartzen eta Iñigo Lamarca arartekoak honako ponentzia hau azaldu du: "Etxe kaleratzeak: giza eskubideen ikuspegitik aztertu beharreko gizarte-arazo larria".


Etxebizitza izateko eskubidea Konstituzioan babestutako eskubidea da eta, horrez gain, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen gaineko Nazioarteko Hitzarmenean aitortutako giza eskubidea. Aldarrikapena zein hitzarmena nahitaez ezarri beharrekoak dira Espainian. Etxebizitza izateko eskubidea behar bezala berma dadin, ezinbestekoa da justizia epaitegien aurrean eskubide horren galdagarritasuna bermatuko duen Etxebizitzaren Legea onartzea.

Laguntza publikoak jaso dituzten bankuek hipoteka betearazpenetan erosi dituzten etxebizitzak, ehuneko esanguratsu batean, Etxebizitzen Parke Publiko bat osatzeko erabili beharko lirateke eta parke hori alokairu erregimenean kudeatu beharko litzateke, pertsona eta familia behartsuen etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Neurri hori bereziki exijitu beharko litzateke sortu berri den Sareb edo "banku txarra"ri dagokionez.


Oviedo, 2012ko abenduaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren hitzaldia Oviedon