Hondarribiko alardea

Mertxe Agundez jarduneko arartekoa Hondarribira joango da datorren astelehenean, irailak 8, eta bere laguntza eta elkartasuna eskainiko die Alardea berdintasunez, guztiek parte hartuz eta inor baztertu gabe egin nahi duten pertsonei.

Hondarribiko udalari oraintsu bidalitako gomendio batean, pertsona guztien arteko berdintasun printzipioa errespetatuz udal Alarde bat iragar dezala eskatu dio Arartekoak.

Herri-agintariek pertsona guztien artean benetako berdintasuna sustatu behar dute, eta betebehar hori bete nahi da, besterik gabe. Edonola, horretarako, Hondarribiko udalak aurrea hartu behar du, eta bere kabuz jarduten hasi, generoagatik gertatzen ari den bereizkeria-egoera deuseztatzeko. Izan ere, orain arte, emakumeak baztertu eta bereizteko bide ematen ari da udalaren geldotasuna.

Gainera, egoera horren ondorioz, herriko festak pribatu bihurtu dira, eta pertsona talde batek erabakitzen du ospakizunean nortzuek parte har dezaketen duten eta nortzuek ez. Beraz, udal agintaritzak herriko festetan buruzagigoa bere gain hartzen ez badu, pertsona pribatuen talde bati ahalmena ematen zaio begiko ez dituen herritar edo gizarte taldeak ospakizunetik kanpo uzteko.

Mertxe Agundezek hausnartzeko eskatzen die herritarrei, eta udalari, berriz, berdintasunezko eta guztiok parte hartzeko moduko Alarde bat susta dezala.


* Gomendioaren testu osoa erakundearen web orrialdean kontsulta daiteke (www.ararteko.net).


Vitoria-Gasteiz, 2003ko irailaren 5a