Ikastetxe bati papera eman zaio

Arartekoak ingurumen arloan hartutako konpromisoen barruan kokatzen da ekimen hori

Julia Hernández jarduneko arartekoa Barakaldoko Alkartu ikastolara joan da, Arartekoaren 2014ko urteko txostena inprimatzean soberan geratu den materiala ematera (txosten horixe da, erakundearen argitalpen guztietatik, paperean egiten den bakarra, gainontzekoak formatu elektronikoan editatzen baitira).

Ekimen horren bidez, soberan geratutako material horretatik eskola-materiala sortzea ahalbidetzen da, bigarren aukera ematen baitzaio, eta baliagarria da umeek ingurumen iraunkorrarekin eta lan partekatuarekin konpromisoa har dezaten.

Arartekoan ingurumen arloan hartu ditugun konpromisoen esparruan kokatzen da ekimen hori. Izatez, 2011n, Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat ezartzea erabaki genuen, Ekoscan arauaren arabera. Kudeaketa-sistema horren bitartez, azken urteotan pixkanaka barneratuz joan gara kutsadurari aurrea hartzea, gure erakundearen beste kudeaketa-faktore bat izango balitz bezala. Horri esker, egunetik egunera hobetu dugu ingurumen arloan dugun portaera.

Ingurumena kudeatzeko sistema hori kanpoko erakunde egiaztatzaile batek ikuskatu du. 2013an IHOBEren ziurtagiria lortu genuen (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen arloko sozietate publikoa da hori), zeinak egiaztatzen baitu Ingurumena Kudeatzeko gure Sistemak Ekoscan arauaren irizpideak betetzen dituela. Arau hori sustatzen du, hain zuzen, sozietate horrek.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 26a