Irungo Alardean tolerantzia nagusitzea nahi du Arartekoak.

Herriko jaiek argi eta garbi islatzen dute herri baten izaera; onerako nahiz txarrerako. Tamalez, Irungo eta Hondarribiko Alardeak zorroztasunaren eta emakumeekiko bereizkeriaren erakusgarri izan dira azken urteotan.

Baina egoera horrek ez du zertan beti hala jarraitu. Beste alor batzuetan, Irungo biztanleriak erakutsi du bere sormena, egoera aldakorretara moldatzeko duen gaitasuna, bere kosmopolitismoa, e.a. Hala ere, Alardearen ospakizunean, gizarte balore zaharkitu batzuei atxikitzen zaie, areago, emakumeentzako bidegabeak diren baloreei. Gizarte osoaren eginkizuna da tradizioak gaurkotzea, horiei historian zehar hartu duten zama kentzea eta parte hartzea erraztea, berdintasunak guztioi egiten baitigu mesede, emakumeei eta gizonei.

Bere aferak direla-eta, Arartekoak ez du ekainaren 30ean Irunera joaterik izango, baina espero du Irungo herritarrek bereizkeriarik gabeko etorkizunaren alde urrats bat egitea, aurten emakumeei Alardean parte hartzen utziz. Nahi horixe adierazi zion alkateari gai honetaz idatzi zion azken gutunean, eta herri horretako pertsona guztien arteko berdintasuna bultzatu behar duela gogorarazi zion.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 28a