Jardunaldia: Adingabearen eskubideak eta zaintza partekatua

Julia Hernández arartekoaren ondokoak "Adingabearen eskubideak eta zaintza partekatua" izenburuko jardunaldian parte hartu zuen igandean. Jardunaldi hori Kidetzak antolatu zuen, alegia, guraso bananduen Euskadiko Federazioak. Ondokoak hainbat saiotan ordezkatu zuen Ararteko erakundea eta saio horietan aztertu zen dibortzioaren legea aldatu behar den ala ez eta zaintza partekatua lehentasunezko eredu gisa proposa daitekeen ala ez, gurasoen artean adostasunik ez dagoen kasuetan.

Ekitaldi horren aurkezpenean, Julia Hernándezek debatearen ardatz nagusi izan behar zuten bi gaiak nabarmendu zituen: alde batetik, adingabeen eskubideak, izan ere, Haurren Eskubideei buruzko Europako Gutunak adierazten duenez (Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko ebazpena), "Gurasoak egitez, legez, dibortzio edo baliogabetze bidez banantzen direnean, semeak edo alabak bi gurasoekin harreman zuzena eta etengabea izateko eskubidea du, eta bi gurasoek betebehar berberak dituzte" (13. art.). Beste alde batetik, eredu sexistak gainditu beharra, bada, eredu horietan, naturaltzat jotzen da emakumeak arduratzea seme-alabez gurasoak banantzean.

Egoera horrek kontsulta ugari eragin ditu Arartekoan azken denboraldi honetan eta, hortaz, Arartekoa Eusko Legebiltzarrarekin eta Espainiako Herriaren Defendatzailearekin harremanetan jarri da, Gorte Nagusiei legea alda dezaten proposatzeko aukera azter dezaten.


Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 18a