JARDUNALDIA: EMAKUME ETA ADINGABEAK SEXURAKO SALEROSTEA

Arartekoak eta Emakundek antolatuta, emakume eta adingabeak salerosteari buruzko jardunaldi bat egin da Gasteizko Europa jauregian.

Hasiera-ekitaldia Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren eta Manuel Lezertua arartekoaren eskutik izan da.

Bertan, arartekoak esan duenez, "fenomeno honek ikaragarrizko hedadura du, nekez neur badaiteke ere, eta gure gizarteko pertsonarik ahulenei eragiten die gogorkien, bereziki emakumeei eta neska-mutikoei".

Lezertuak hauxe gaineratu du: "ildo horretan, emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen garratza da, eta, dudarik gabe, munduan emakumeen eta gizonen artean oraindik dagoen desberdintasun orokor eta egiturazkoaren beste adierazpen bat".

Jardunaldia Emakundek urtean behin antolatzen duen Berdintasunerako gunearen ekintzetako bat da, eta indarkeria mota hori desagerrarazteko lan egiten duten profesionalek hartu dute parte.

Jardunaldiaren helburuak honako hauek dira:

- Fenomeno unibertsala den eta emakumezkoen eta neskatoen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salerosketaren kausak zein diren aztertzea.
- Pertsonen salerosketari Espainiako estatuan eta nazioartean zein lege aplikatzen zaizkion ezagutzea.
- Salerosketak biktimen bizitzan duen eragina ulertzea.
- Salerosketaren biktima izan diren emakumeak eta neskatoak artatzean egun zein erronka ditugun identifikatzea.

Gizakien salerosketa kezkatzeko moduko neurriko fenomenoa da mundu guztian, eta gizakiak merkantzia hutsera gutxiesteko modu mingarrienetakoa da. Giza eskubideen urraketa larrienetakoa ere bada. Gizakiak sexurako salerostea -batez ere, emakumeak eta neskak, horiek baitira biktima ohikoenak - merkataritza bidegabe horren alde ankerrenetakoa da. Izan, emakumeek han-hemen, mundu osoan, pairatzen duten berdintasun faltaren beste adierazpen bat da, eta emakumeen kontrako indarkeriaren adibide gordin; halaxe aitortuta dauka Nazio Batuek 1993. urtean Emakumeen kontrako indarkeria ezesteko argitaratutako adierazpenak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a


Lotutako dokumentazioa

Jardunaldia ireki. Manuel Lezertua Jardunaldia: emakume eta adingabeak sexurako salerostea JARDUNALDIA: EMAKUME ETA ADINGABEAK SEXURAKO SALEROSTEA: EGITARAUA