KONSTITUZIO AUZITEGIKO ABOKATUEN ELKARTEAREN XXII. JARDUNALDIAK

\"Oinarrizko eskubideen tutoretza prozesalari buruzko ikuspegi berria\"

Arartekoaren ustez, egokitu egin behar dira Estatuko Herriaren Defendatzailearen eta autonomia erkidegoek  Autonomia Estatua taxutzearekin bat etorriz  sortu dituzten antzeko erakundeen arteko harremanaren funtzionamendua eta araudia

"Oinarrizko eskubideen tutoretza prozesalari buruzko ikuspegi berria" izenburu orokorrarekin, Konstituzio Auzitegiko Abokatuen Elkarteak bere hogeita bigarren jardunaldiak egingo ditu gaur eta bihar, Gasteizko Villa Suso jauregian. Horien antolaketan eraginkortasunez parte hartu du Arartekoak.

Jardunaldiak gaur hasi dira, honako parte-hartzaile hauen eskutik: lehendakaria, Konstituzio Auzitegiko presidentea, Arabako diputatu nagusia, Gasteizko alkatea, elkarteko presidentea eta arartekoa.

Bere mintzaldian, Manuel Lezertua arartekoak ahotan hartu du autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeek beren ibilbidea hasi zutenetik igaro den denbora. Orobat, bere esanean, "autonomia erkidegoak izan badirela eta beren erakunde propioak dituztela oinarritzat hartuz egokitu behar dira autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeen gaineko araudia eta funtzionamendua Estatua taxutzearen ondorioz sortutako eskakizunetara".

Arartekoaren iritziz, autonomia erkidego batek, bere erakunde autonomia erabiliz, Herriaren Defendatzailearen tankerako erakunde batez hornitzea erabakitzen duenean -Euskadin gertatu den bezalaxe, erakunde autonomiko hori ez dago Estatukoaren mende, erkidegoko administrazioen funtzionamendua ikuskatzeko orduan. Horregatik, Estatuko Herriaren Defendatzailearen eta autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeen arteko harremanak berriz formulatzea aldezten du Lezertuak, bereziki Arartekoarekin dituenak, elkarri beren jarduera-eremuak berariaz aitortuz, konstituzio leialtasunaren printzipioa ezarrita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 20a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 2016-10-20