Lezoko Udalak Arartekoaren gomendio bat onartu du, hirigintzako lizentziarik gabe egin zen lan baten gaineko salaketari erantzuteko

Pertsona batek Arartekora jo zuen, izan ere, Lezoko baserri batean udal lizentziarik gabe teilape bat jarri zutenez gero, salaketa egin zion Lezoko Udalari, hirigintzako legezkotasuna berrezar zedin, baina Lezoko Udalak ez zion erantzun.

Kexan adierazitakoaren arabera, Lezoko Udalak ebazpen baten bidez adierazi zuen baserri hartan teilape bat eraikitzeko lanak ez zeukala beharrezko lizentziarik eta bateraezina zela Lezoko Hiri Antolamendurako indarreko Plan Orokorrarekin. Ebazpen hartan teilapea eraisteko agindua ere eman zen, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Geroago, kexagileak udalari informazioa eskatu zion eraistea gauzatzeko hartu ziren neurrien gainean, baina ez zuen udalaren erantzunik jaso. Horrexegatik jo zuen Arartekora.

Kexagaia eta Lezoko Udalak egindako jarduerak aztertu ondoren, Arartekoak gomendatu zion ahalik eta lasterren ebatz zezala, berariaz eta arrazoi bidez, egindako salaketa hura, teilapea eraisteko agindu zuen udal eskaera betearaz zedin.

Udalak onartu egin du Arartekoaren gomendioa, eta adierazi du hirigintza arloko legezkotasuna berrezartzea bermatu behar dela.

Vitoria-Gasteiz, 2021ko urtarrilaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2020R-1859-20 Ebazpena, 2020ko abenduaren 18koa. Horren bidez, Lezoko Udalari gomendatu zitzaion berariaz eta modu arrazoituan ebazteko udal lizentziarik gabeko teilape bat eraistea agintzeko udal errekerimendua betearazteko aurkeztutako salaketa.