Manuel Lezertua, ararteko karguaz jabetu da, berriz hautatu baitute bigarren agintaldirako

Manuel Lezertua Rodríguez gaur goizean jabetu da Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoaren karguaz, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, hil honen 18an berriz hautatua izan ondoren, gehiengo handiz eta kontrako botorik gabe, bost urteko beste agintaldi baterako.

Bilbon jaioa, Lezertua Zuzenbidean lizentziaduna da eta legeriako master bat egin zuen Londreseko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzaren abokatu gisa hasi zuen bere lan-ibilbidea eta gero Estrasburgora joan zen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko eta Auzitegi Konstituzionaleko letradu moduan lan egitera.
Europako Kontseiluaren Finantza-kriminalitatearen kontra borrokatzeko Alorreko buru izan da, eta erakunde horretako aholkulari juridiko.

Bere lehen agintaldian, arartekoak apustu irmoa egin du, estrategikoa, erakundeari Europako eta nazioarteko alderdia ematearen alde, baita ere beste eskubide-defendatzaile eta giza eskubideak babesteko Europako eta nazioarteko erakunde aldeaniztunekin Arartekoak duen harremana indartzearen alde. Apustu horren ondorioz, harremanak areagotu ditu IOIrekin (International Ombudsman Institute), ENOrekin (EBko Ombudsmanaren Sarea), FIOrekin (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa), IALCekin (Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea), ENOCekin (Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea), baita bi aldeko harremanak ere nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako hainbat herrialdetako Ombudsmanekin.

Erakundearen buruzagitzan, hauxe du helburu nagusi: erakundea giza eskubideen eta herritarren askatasunen defentsan erreferente gisa sendotzea, eta euskal administrazio publikoen eremuan, araudia gizatasunez ezartzea, pertsonen (batez ere kalteberenen) egoeraren arabera interpretatuz.

2021eko otsailaren 25a