MENDEKOTASUNAREN ARRETARAKO ETA BABESTUTAKO ALOKAIRURAKO PRESTAZIO EKONOMIKOAK.

Pertsona batek Ararteko erakundean salatu zuen alokairuaren hileko errenta igo egin ziotela modu nabarmenean (ia % 50) bere mendekotasun egoerari aurre egiteko jasotzen zuen prestazio ekonomikoa kontuan hartu zutelako.

Etxebizitza Sailari bere desadostasunaren berri eman zion eta eskatu zuen BOE baten alokairuaren errenta zehazteko laguntza hori aintzat har ez dezaten; izan ere, laguntza horrek mendekotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea du helburu, beraz, diru-sarrera gehiago edukitzeak ez du esan nahi erosteko ahalmena handiagoa denik eta alokairuagatik zenbateko handiagoa ordaintzea justifikatuta dagoenik.

Ararteko erakundeak zenbait kudeaketa egin ostean, Etxebizitza Sailak onartu zuen laguntzari zegokion zenbatekoa kontuan ez hartzea eta erreklamatzailearen hileko kuota berrikusi (303,74 eurotik 182,24 eurora pasa zen) eta gero, aurretik soberan ordaindutako zenbatekoak itzuli zizkion.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 6a