OMBUDSMANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAREN MUNDUKO IX. BILTZARRA ETA SUEDIAKO LEGEBILTZARRAREN HERRIAREN DEFENDATZAILEAREN 200. URTEURRENA

Iñigo Lamarca arartekoa eta Julia Hernández bere ondokoa Stockholmera joan dira aste honetan, "Suediako Legebiltzarraren Ombudsmana"ren 200. urteurrena ospatzeko ekitaldietara.

1809an konstituzio berri bat onartu zen Suedian; bertan ezarri zenez, Legebiltzarrak "Ombudsman" bat aukeratuko zuen, alegia, legebiltzar ordezkari bat, "epaileek eta funtzionarioek legeak betetzen zituzten ikuskatzeko".

Mende bat baino gehiagoz, Suediako Legebiltzarraren Herriaren Defendatzailea izan zen horrelako erakunde bakarra mundu osoan. Gaur egun, herriaren defendatzaileek 120 herrialdetan baino gehiagotan laguntzen dute zuzenbideko estatuaren printzipioak zaintzen eta giza eskubideak errespetatzen.

Berrehun urte horiek ospatzeko, Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundearen Munduko IX. Biltzarra ere egiten ari da Stockholmen bertan. Erakunde horrek ez du irabazi asmorik eta bere erakunde-partaideak herriaren defendatzaile independenteen bulegoak dira, sektore publikokoak, mundu osokoak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 9a