Partekatutako Zaintzari eta Berdintasunari Buruzko I. Foroa

Guraso ahala vs. zaintza. Gurasoen erantzukizun partekatua banatu ostean

Gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasun eraginkorrerako iQual elkarteak Partekatutako zaintzari eta berdintasunari buruzko I. foroa egin du gaur Portugaleten. Bertan, Julia Hernández Arartekoaren ondokoak hizlari gisa parte hartu du. Juan Calparsorok, EAEko Justiziako fiskal nagusiak, txosten bat eman du berak ere.

iQual gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko borrokan konpromiso aktiboa duten gizonek eta emakumeek osatutako elkarte bat da.

Topaketa horretan Portugaleteko Udalak parte hartu du, eta honakoari buruz hausnartu da: nola arautu beharko litzatekeen legez adingabeen zaintza gurasoak banandu direnean eta zaintza partekatzeko aukeraren inguruan akordiorik lortu ez dutenean. Aintzat hartu behar da erregulazio horrek ase behar duen lehentasunezko interesa ez dela guraso batena edo bestearena, haien seme-alabena baizik, bai arreta materialari dagokionez bai, batez ere, haien egonkortasun psikoafektiboari dagokionez.

Azken urteotan Arartekoak kontu horien guztien inguruko hausnarketa adierazi die legebiltzarrari eta euskal gizarteari oro har.

Zentzu horretan, Arartekoak defenditzen du legeak xedatu behar duela banatze eta dibortzio kasuetan bi gurasoek, erantzukizun partekatuan, seme-alaba komunak zaindu ditzatela dela aukera desiragarriena, edonola ere adingabeen lehentasunezko interesa babestuz. Horretarako, automatismoetatik eta aurreiritzietatik alde egin behar da, bitarteko materialak eta prozedurazkoak abian jarri behar dira erabakiaren xedea den familia-errealitate zehatza aldez aurretik ezagutzeko, zaintzarekin lotutako neurriak ebaluatzeko mekanismo dinamiko eta eraginkorrak ezarri behar dira eta, nolanahi ere, aldeek adostutako jardunaren alde egin behar da.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 7an